Eguzkiaren heriotza begien bistan
2001/08/27 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
5.000 milioi urte barru Eguzkiari gertatuko zaiona OH231.8+4.2 izarrari gertatzen ari zaio orain. Hubble teleskopioak fenomenoaren argazki ikusgarria egin du eta astronomoek teorikoki zekitena egiaztatu ahal izan dute.
Eguzkiaren antzeko masa duten izarren heriotzaren sekuentzia: hidrogeno guztia kontsumitu ondoren, izarraren neurriari egonkor eusten zioten indarrak desorekatu egiten dira; izarra tamainaz handitu eta erraldoi gorri bilakatzen da. Aldi berean, nukleoa uzkurtzen hasten da eta izarraren kanpoaldeko geruzak espaziora jaurtitzen dira, gas- zorrotada moduan. Azken prozesu hori izugarri ongi ikusten da Hubble teleskopioak eginiko argazkian .
Gas-zorrotadak hori kolorez ikusten dira. Izarraren bi alboetatik irteten dira, milioi eta erdi kilometro orduko abiaduran, eta prozesua hain da eraginkorra, non izarraren masa gehiena egitura bipolar horretan dagoen. Abiadura horretan, talka supersonikoak gertatu eta talka-fronteak sortzen dira. Ondorioz, inguruko gasa berotu egiten da. Irudian, kolore urdinez, fronte horietatik sortutako hidrogenoa eta nitrogeno-ioiek emititutako argia ikusten da.
Argazkian hain ederki ikusten diren egiturak orain arte teorikoki bakarrik ezagutzen ziren. Lehen aldia da argazkian ikusi direla eta astronomoak txundituta daude. Argazkia 2000ko eguberriak baino lehen egin zuen Hubble-k eta Espainiako eta Estatu Batuetako astronomoak ibili dira harekin lanean.
OH231.8+4.2 sistemari, duen forma dela eta, kalabaza nebulosa deitzen zaio, eta bere osagaiak direla eta, usteldutako arrautza. Izan ere, sufredun konposatu asko daude bertan, eta espazioan usaintzerik balego, hango kiratsa izugarria izango litzateke.
Kalabaza nebulosa 5.000 milioi argi-urtera dago, Puppis konstelazioan.
Informazio gehiago:
Europako Espazio Agentzia
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia