}

Eguzkiaren jolasak XII. mendean

2001/07/18 Elhuyar Zientzia


Eguzki-orbanak Eguzkiaren gainazalean agertzen diren beltzuneak dira. Eskualde horiek besteak baino hotzago daude eta guk, Lurretik, ilunago ikusten ditugu. Worcester-eko John kronikari ingelesak bere kronika astronomikoan eguzki-orban baten lehen irudia jaso zuen, eta Durham eta Wrawick Unibertsitateetako ikertzaileek Korean ikusitako aurora batekin erlazionatu dute.

Hori guztia 1128. urtean gertatu zen, teleskopioa asmatu baino 500 bat urte lehenago. Worcester-eko John-en kronika aspaldiko garaietan hasi eta 1140. urtean amaitzen da. Makina bat gertakari astronomiko jasotzen ditu, besteak bestea aurorak, kometak, ozar-izarrak eta eguzki- zein ilargi-eklipseak. Horien artean, 1128. urteko abenduaren 8an Worcester-etik behatutako bi eguzki-orban daude, eta testuarekin batera orbanen irudi bat, eguzki-orbanen lehen irudia, hain zuzen. Izan ere, 1.000 urte lehenago astronomo txinatarrek eguzki-orbanen berri eman bazuten ere, XV. mendera arte ez zuten irudirik egin. Edo egin bazuten, ez da kontserbatu.

Bestalde, 1128. urteko abenduaren 13an aurora bat ikusi zen Korean. Koreako garaiko kronika ofizialean jaso zenez, egungo Kaesong hirian argi gorri bat ikusi zen abenduaren 13ko gau hartan.

Durham eta Wrawick Unibertsitateetako ikertzaileen ustez, bi gertakari horiek lotuta daude: abenduaren 8ko eguzki-orbanak sortu zuen Korean abenduaren 13an ikusi zen aurora boreala. Ikertzaileen arabera, 5 eguneko aldea ohikoa da Eguzkiaren erdialdean sortzen diren orbanen eta latitude baxu samarretan ikusten diren auroren artean.

Horrelako aurkikuntzak oso baliagarriak dira Eguzkiaren jarduera historikoki nola aldatu den jakiteko. Politak ere bai.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia