}

Eguzkiaren “lagun misteriotsua”

2010/06/27 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Eguzkiaren inguruko orbita batean objektu ezezagun bat hauteman dute. Albisteak astronomoen harridura piztu du. Hasiera batean, asteroide bat izan zitekeela pentsatu zuten, baina, azken ikerketen arabera, litekeena da gizakiok sortutako gailu bat izatea. 2010 KQ izenarekin bataiatu dute.
2010 KQ izenarekin bataiatu duten objektua Eguzkiaren inguruko orbita batean hauteman dute.
NASA

NASAk diruz lagundutako Catalina Sky Survey teleskopioak (Arizona, AEB) maiatzaren erdialdean hauteman zuen objektua, eta bertako astronomoek laster zabaldu zuten albistea.

Baina Eguzkiaren lagun “misteriotsua” identifikatzeko ahaleginetan jarraitzen dute; bidea luzea izan liteke oraindik ere.

Lehenbizi asteroide batekin nahastu zuten arren, badirudi hipotesi hori baztertuta dagoela dagoeneko. Objektuaren inklinazioa, kolorea eta distira urria izan omen dira gakoa.

Eguzkia 1,04 urtean behin orbitatzen duela jakinarazi dute ikertzaileek. Aurreikusi zuten bezala, detektatu zutenetik bost egunera pasa zen 2010 KQ Lur planetatik gertuen, eta une hura aprobetxatu zuten analisi zehatzago bat egiteko.

Susmoak baino ez dira, baina zientzialariek uste dute berriki hautemandakoa 1974an jaurtitako Proton kohete errusiar baten “laugarren etapa” izan daitekeela
NASA

Faulkes North teleskopioak lortutako irudiak baliatu zituzten, hain juxtu, horretarako. Eta, besteak beste, hurbil samar zuen Quintilla izeneko asteroidearekin konparatzeko beta izan zutenean ondorioztatu zuten hautemandakoa ez zela beste asteroide bat.

Izan ere, orbita oso zirkularra eta inklinazio txikikoa duela egiaztatu zuten. Baita, asteroide bat izatekotan, aurreikusi litekeena baino distira urriagoa duela ere. Nolanahi ere, badirudi beste datu bat izan dela erabakigarriagoa gizakiok sortutako gailu artifizial bat delako hipotesira iristeko: objektuaren analisian titanio dioxidoa aurkitu dute (konposatu kimiko hori pinturetan erabili ohi da). Horiek hala, oraindik ziur-ziurtzat eman ez badute ere, baliteke 1974. urtean jaurtitako kohete errusiar baten zati bat izatea.

Hori egiaztatuko balitz, beraz, ibilbide luzeko gailu baten pieza izan liteke hautemandakoa. Proton kohete errusiarraren bitartez Luna 23 izeneko zunda 1974ko urrian jaurti zen. Ilargiko laginak biltzea zuen helburu, ondoren haien inguruko ikerketak egin ahal izateko. Baina misioak ez zuen nahi besteko arrakastarik izan, eta tresneria hondatu egin zen.

Bada, “asteroide artifizial” bilakatu den piezaren jatorria han egon daitekeela diote orain astronomoek. Proton kohetearen “laugarren etapa” izan litekeela iritzi diote. Susmoak baino ez dira, dena den.

2036an, bueltan?

NASAko zientzialarien esanean, objektua hasia da Lur planetaren ingurunetik urruntzen, baina 2036an itzuli egingo ei da. “2036. urtetik aurrera, hogeita hamar urteko denbora-tartean 2010 KQk gure atmosferan sartzeko duen probabilitatea % 6koa da gaur egun”, adierazi dute NASAko Jet Propulsion Laboratorytik (JPL).

Faulkes North teleskopioak lortutako irudia. Gezien artean objektua eta haren ibilbidea ageri dira.
Richard Miles/British Astronomical Association

“Baliteke objektuaren gaineko ikerketa osagarriei esker haren orbita eta inpaktu-aukerak doitasun handiagoz zehaztea. Dena den, asteroide nahiz kohete espaziala izan, eta Lurraren aurka talka egiteko bidean egongo balitz ere —eta hori nekez gerta daiteke—, gailua hain txikia da ezen atmosferan desintegratu egingo bailitzateke. Eta, hortaz, ez luke inolako kalterik eragingo”, gaineratu dute ikertzaileek.

Lurraren ingurutik pasatzen diren asteroide eta kometak detektatu, haien arrastoei segi eta dituzten ezaugarriak zehaztu nahian aritzen da NASA, lurreko zein espazioko teleskopioak baliatuta. “Spaceguard” deritzon programak haiek begiztatu eta identifikatu egiten ditu; haien orbitak trazatu ohi ditu, gure planetarekiko arriskutsuak ote diren jakite aldera.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia