Eguzkirik gabe beltzarandu, eta eguzkitik babestu
2006/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pertsona batzuek ez dute melanina ekoizten; horregatik, eguzkiak bereziki egiten die kalte eta ez dira inoiz beltzarantzen. Melaninak izpi ultramoreetatik babesten du; baina larruazaleko proteina bat ez dutenek, melanokortina-1 errezeptorea izenekoa, ezin dute melanina sortu. Ondorioz, ezin dute eguzkitan egon, bestela erre egiten baitira eta, gainera, larruazaleko minbizia izateko arrisku handia baitute.
Bostongo Minbiziaren Institutuan pertsona horientzako oso lagungarria izan daitekeen molekula bat isolatu dute koleo landaretik: foreskolina. Molekula horren eraginez, entzima bat aktibatzen da, eta, orduan, pigmentu ilunak sortzen dira larruazalean. Ondorioz, larruazala beltzarandu egiten da. Larruazala belztu besterik egiten ez duten kremek ez bezala, horrela sortutako pigmentuek izpi ultramoreetatik babesten dute larruazala.
Ikertzaileek melanina ekoizteko gaitasunik ez duten saguekin egin dute lan, eta emaitza onak izan dituzte. Gizakiekin probatu baino lehen, askoz ikerketa gehiago egin beharko dituzte, baina batzuentzat onuragarria izan daitekeelakoan daude. Hala ere, albinoentzat ez du balioko, pertsona horiek ezin baitute inolaz ere pigmenturik sortu.