}

EHUko ENEDI taldeak Elhuyarrekin batera landutako Ilargi proiektua aurkeztu du EDULEARN kongresuan

2024/07/04 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Proiektu honetan ikasleek euren ikastetxearen energia-efizentzia aztertu dute ENEDIko ikertzaileekin batera.

ehuko-enedi-taldeak-elhuyarrekin-batera-landutako

Euskal Herriko Unibertsitateko ENEDI ikerketa-taldeko Ana Picallo ikertzaileak Elhuyarrekin batera landutako “Ilargi proiektua” aurkeztu du online hitzaldi bidez, Mallorcan egin den 16. Edulearn kongresuan. Uztailaren 1etik 3ra, presentzialki zein online, 80 herrialdetako hezkuntza arloko 800 profesional baino gehiago bildu dira. Ilargi proiektuan, ikasleek, Euskal Herriko Unibertsitateko ENEDI ikerketa-taldeko ikertzaileekin batera, euren ikastetxeetako energia-efizientzia aztertu dute modu aktibo eta kolaboratiboan.

“Bigarren Hezkuntzaren eta unibertsitateko ikasketa teknikoen arteko aldea gainditzea. Euskal Herriko eskola baten kasu-azterketa” izenpean, Deustuko Ikastolan izandako esperientziaren berri eman du Ana Picallok. Ilargi proiektuaren helburua Bigarren hezkuntzaren eta unibertsitate-ikasketen arteko harremana sendotzea dela azaldu du, gazteenen artean zientziarako bokazioak sustatuz eta bide horretan emakumezkoen generoari garrantzi berezia emanez.

Gaineratu du, behar profesionala badago ere, gero eta gazte gutxiago matrikulatzen dela ingeniaritza ikasketetan eta genero arrakalak esanguratsua izaten jarraitzen duela. Arlo hauetan emakumezko erreferentziarik ez izateak eragina izan dezakeela azaldu du. Beraz, gisa honetako proiektuen bidez, gazteak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika bezalako gaietara hurbildu nahi dira. Bigarren Hezkuntzan ikasleek esparru horiekin duten lotura funtsezkoa da etorkizuneko ikasketak aukeratzeko.

Hauek izan dira Ilargi proiektuan egindako jarduera nagusiak:

  1. Eskoletako energia-kontsumoaren egungo egoera aztertzea, baita STEM bokazioekin lotutako proiektuak ere.
  2. Eskoletan informazio-hitzaldiak diseinatzea eta ezartzea, energia aurreztea motibatzeko.
  3. Proba praktikoen aplikazio esperimentala, in situ, eskola-eraikinean. Hala nola:
  • Instalazio termikoetara bisita eta osagaien azterketa.
  • Geletako filtrazioak kalkulatzea ate itxiko proben bidez.
  • Zubi termikoak eta tenperatura-banaketa aztertzeko test termografikoak.
  1. Eskolako eraginkortasun energetikoa hobetzeko proiektuak garatzeko ikasleen proposamen kolektiboa.
  2. LBQCra bisita, eraikuntzako energia-erabileraren lanketa profesionalera hurbiltzeko.
  3. Ikasleentzako hitzaldi baten diseinua eta inplementazioa.

Ilargi proiektuaren fitxa Elhuyarren Jasangarritasunerako ikerketak gazteak inspiratzeko liburuxka-n bilduta dago, beste proiektu batzuekin batera. 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia