EHUko ikertzaileek frogatu dute astrozitoak gako direla Parkinsonaren garapenean
2021/01/05 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Parkinsona garuneko neuronak kaltetzearekin erlazionatuta dagoen gaitza da: neurona dopaminergikoetan alfa-sinukleina izeneko proteina metatzen doa, eta, ondorioz, neuronak endekatzen eta hiltzen doaz. Hala, ezin dute dopamina sortu, ezinbesteko funtzioa duena mugimenduan eta funtzio kognitiboan. Baina neuronak ez dira parkinsonean inplikatuta dauden garuneko zelula bakarrak. EHUko neurozientzialariek iradoki dute garuneko glia zelula batzuk ere kritikoak direla. Hain zuzen ere, frogatu dute astrozito disfuntzionalek parkinsonaren ohiko prozesu neurodegeneratiboa areagotzen dutela, eta lagundu egiten dutela Parkinsonen gaixotasuna hedatzen.
Astrozitoak oso ugariak dira garunean, eta, besteak beste, neuronei mantenugaiak eta energia ematen dizkiete. Neuronen euskarri ere badira. Hortaz, ezinbestekoak dira garunaren funtzionamendu egokirako. Orain arte, ordea, Parkinsona ulertzeko ikerketak neuronen heriotza ikertzera bideratuta egon dira. Astrozitoek ere zeresan handia izan dezaketela ikusita, horiek ikertzen ari dira EHUko Neurozientziak saileko ikertzaileak.
“Arratoi-zelulekin lan egin dugu, bai neuronekin bai astrozitoekin, eta zehaztu ahal izan dugu astrozito disfuntzionalak gai direla alfa-sinukleina proteina toxikoa transmititzen laguntzeko, eta neuronen heriotza bultzatzeko”, azaldu du Paula Ramos González ikertzaileak.
Bestalde, astrozitoak sortu dituzte, Parkinsona duten pazienteen azaleko zeluletatik abiatuta, eta ikusi dute mutazioren bat duten astrozitoek proteina oxidatu asko sortzen dituztela astrozito osasuntsuen aldean, zelulentzat toxikoak izan daitezkeenak. Mutaziodun astrozitoak neuronekin batera hazi dituzte,eta agerian geratu da, neuronak mutatutako astrozitoekin hazten direnean, nabarmen handitzen dela neuronen heriotza-arriskua.
Oraindik ere beharrezkoa da gaia sakontzea eta esperimentu berriak egitea, baina ikertzaileek helburu terapeutiko posible bat proposatu dute. Informazio gehiago, EHUren webgunean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia