}

Ehun-birsorkuntzaren etorkizuna “ohean bertan” bionprimatzea izan daitekeela aurreratu dute

2024/11/13 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ehun-birsorkuntzaren-etorkizuna-ohean-bertan-bionp
Medikuntza birsortzailearen etorkizuneko erronkak identifikatu dituzte. - Arg. UCSD-JacobsSchool/CC BY

Ehun-birsorkuntzaren arloan 3D bioinprimaketak dituen potentziala, mugak eta erronkak aztertu dituzte, elkarlanean, NanoBioCel taldeko ikertzaile Gorka Orive Arroyok, eta Harvard Unibertsitateko eta Danimarkako Unibertsitate Teknikoko zenbait ikertzailek, eta zenbait ideia proposatu dituzte emaitza hobeak lortzeko, Science aldizkarian.

Ikertzaileek ondorioztatu dute zelula-dentsitatearekin lotuta dagoela gainditu beharreko erronka garrantzitsuenetako bat. Izan ere, egitura zelularrak inprimaketa aditiboaren bidez fabrikatzen direnean, inprimatutako materialaren zelula-dentsitatea oso txikia da oraindik. 

Funtsezko beste alderdi bat birsortu nahi den ehunaren ezaugarriekin lotuta dago. Adibidez, muskulu-ehunak eta gibel-ehunak ez dituzte funtzionaltasun berak, ezta zelula- eta ehun-forma bera ere. Hori dela eta, bioinprimaketa-prozesua ez da ez berdina, ez baliokidea. Hortaz, aurrerapauso handia izango litzateke hiru dimentsioko inprimatze-teknologiak ehun-mota bakoitzera egokitzeko aukera izatea.

Bestalde, ikertzaileek adierazi dutenez, klinikara gehiago hurbildu behar da bioinprimaketa. Hala, helburua da zuzenean, in situ edo “ohean bertan” birsortu ahal izatea pazienteak kaltetuta dituen ehunak.

Oriveren iritziz, erronka ikaragarria bada ere, artikulua lagungarria izango da, beste aditu batzuen ikuspegia ere ezagutzeko, eta oinarri sendoko ikerketa-proiektuak garatzeko, diziplina anitzeko taldeetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia