Ehunka arrain elektriko, mekanismo bakarra
2014/07/23 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sei lerro ebolutiboko arrainek berdin garatu dituzte organo elektrikoak. Aspalditik hartu dute hori zientzialariek eboluzio konbergentearen adibidetzat. Ikertzaile-talde batek duela gutxi aurkitu duenez, berriz, sei espezie-multzo horietako arrainen organo elektrikoak berdinak dira, oinarri genetikoari dagokionez.
Zelula guztiek sortzen dute potentzial elektriko txiki bat uzkurtzen direnean. Baina aingira elektrikoa eta antzeko beste animalia batzuk gai dira potentzial elektriko hori anplifikatzeko, korronte elektrikoa eragiteko eta, horren bidez, ehizarako, babeserako, komunikaziorako edo nabigaziorako tresna bilakatzeko. Horretarako, hainbat organo erabiltzen dituzte. Animaliaren buruan izaten dira organo horiek, eta bikoteka funtzionatzen dute.
Aspalditik dakite zientzialariek eskema hori bera dutela arrain elektrikoen ehunka espeziek. Darwinek ere erabili zituen arrain elektrikoen kasuak eboluzio konbergentearen adibide gisa. Sei lerro ebolutibo dira, alegia, arbaso bera ez duten espezieen sei multzo, eta, hala ere, mekanismo bakarra garatu dute elektrizitatea sortzeko.
Michigan State Unibertsitateko zientzialariek mekanismo horren oinarri genetikoa aztertu dute. Hona zer aurkitu duten zientzialari horiek: organo elektrikoetan, geneek manipulatzen dituzte zelula-mintzean dauden proteinak, haiek karga bereko ioiak zelularen alde berera pila ditzaten. Horrela, zelula polizarizatu egiten da, eta zelula polarizatu asko lerroan —"seriean"— egonda, potentzial elektriko handia sortzen da. Mekanismo horrek sortzen du arrain elektrikoen ahalmen hori, eboluzioaren edozein adarretakoak direla ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia