}

Einsteinen berri euskaraz, 1923an

2001/09/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikerketa zientifiko andanaren berri ematen da aldizkari espezializatuetan, egunkarietan, Interneten... Bakoitzak bere jakinduria eta jakin-minaren arabera hautatzen du informazio-iturria, baita hizkuntza ere. Gaur egun, zientzialarien hizkuntza ingelesa izan arren, gai orokorrak edozein hizkuntzatan daude eskuragarri. Baina kontuak oso bestelakoak ziren XX. mendearen hasieran, eta horren adibide da eskuartean dugun 1923ko artikulua.

Apaltasuna nagusi

Mendearen hasieran, gure garaiarekin alderatuta, ikerketa zientifiko gutxi eta hedabide gutxiago zegoenez, ez zen ohikoa zientzialarien lanaren berri jasotzea; eta zer esanik ez euskaraz! Horrek ez du esan nahi garai hartan ezer egiten ez zenik, ezta gutxiago ere, baina Einsteinen teorien berri ematen duen garai hartako artikuluak merezi du aipamen berezi bat.

Albert Einstein (1879-1955) fisikari alemaniarra zientzia modernoaren berritzaile handienetako bat izan zen eta irauli egin zuen unibertsoaren kontzeptua.

Zorionez eskuratutako artikulua 1923ko urtarrilaren 5eko Euzkadi egunkarian argitaratu zen, Einsteinek bere teoriak eta aurkikuntzak plazaratu zituen garaian hain zuzen.

Idazlea ezezaguna da, eta zientzialaria ez zela argi uzteaz gain, kontu handiarekin tratatzen du gaia. Hasieratik idazleak erakusten duen apaltasunak agerian uzten du gaiari zion errespetuaz eta era honetako artikuluak euskaraz idaztea ez zela ohikoa. Hala ere, Einsteinen teoriek unibertsoaren teoriak goitik behera aldatu eta zientzialarien arteko tira-birak piztu zituenez, euskaraz horien berri eman beharra sentitu zuen nonbait.

Artikulua honela hasten da: “Einstein’en Ortzeatzazko bururaketa berriak zer esan asko eman du ortziztilarien artean. Gu ortziztilariak izan ez arren (ezta zantzik ere) zerbait esatera beartu gera, ez arren ustariak (teorias) ontzat ala txartzat emateko, aien berri euskeraz axal-axaletik emateko bazik. Euskeraz, esan dugu, or doa, gaizki esanak barkatu ta obeak asmatu”.

Einsteinen teorietan bete-betean sartu aurretik ere, honela hasten da: “neronek ulertzen naiko lan ta ingikurleak gure bidez gehiago ere bai”.

Lekukotasun zuzena

Einsteinen teorien berri ematea da artikulu horren lehentasuna, baina Galileoren bizitzaren errepasoa eginez eta bere aurkikuntzak azalduz hasten da. “Galileo’ren esaria azaldu dezagun aurretik. Galileok dio: Igindar-arauak (leyes mecánicas) eraketaren (sistemaren) igi-egokerarekin zer ikusi ez dute, igitzea zezenkakoa eta berdina danean”.

Gero, Einstein garaikidearen teorien berri ematen du. Albert Einstein(1879-1955) fisikari alemaniarrak irauli egin zuen unibertsoaren kontzeptua, eta hori testuan argi eta garbi azaltzen da.

Einsteinek amaren eraginez bibolina ikasi eta zaletasun handia izan zuen bizi osoan.

“Ustari berri oiek dirala-ta Einstein’ek aspaldiko yakidia barru-barrutik astindu du, aldia ta utsune-zabaleko zearotasunezko ustari zarrak ankaz-gora bota ditu; bai oraindañoko Igindarriztia, bai uskaiaren (utsune-gai, eter) izatasuna, bai Euklides’en (I) Daneurtiztia (Jeometria), bai Newton’en Ortze-erakartasun (atracción universal) arauak, guztiak ezereztu ditu”.

Einsteinek 1916an argitaratu zuen grabitatearen eredu berria ematen zuen Erlatibitatearen Teoria Orokorra. Hor, denbora eta espazioaren kontzepzio berriak eta masa eta energiaren arteko erlazio estua (E= mc2) jaulki zituen. Horren ondorioetako bat da, masak espazioa kurbatu egiten duela eta argia bera ere, masa handiko gorputz baten ondotik iragatean, ibilbide zuzenetik desbideratu egiten dela.

Honela azaltzen du teoria hori mende hasierako testuak. “Beste arrigarrizko gauza askoren artean Einstein’ek auxe esan du, argia aztuna dala ta eguzkiaren ondotik izarren argia igarotzean, eguzkiak duan erakar-indarrarekin argi ori alderatu egiten zaiola. Gauez eguzkia gure atzetik dugunean, aurretik eguzkiaren erakar-indarrik ez dala-ta, zuzen datoz argi-izpiak; egunez, berriz, argi ori oker eginda dator. Ta guk izarrak beren argiaren bidez ikusten baditugu, ta argi-izpiak oker baldin badatoz, guk izarrak okerreko tokian ikusten ditugu”.

Albert Einstein Charlie Chaplinekin.

Hori frogatzeko, astronomoek 1919ko eta 1923ko eklipseen aurreko gauetan eta eguzki-estaltzean ortziaren argazkiak atera zituzten. “1919’garren urteko eguzki-estaltzean, orain Agorrean izan dan asmo ori beraxe izan zan. Ta ortze-argazkiak egunez atera ere bai. Einstein’ek aurrezti, 13 izarren toki berriak adierazi zituan. Baita arek esan bezela gertatu. Baño ortziztilariak gertari ori bestela izan zala-ta gertatu zala esan zuten”.

Artikulua amaitzeko tonua ere hasierako ber-bera da.

“Bukatzera goaz. Ez goaz gu gure adiskide batek ziona esatera, mundu onetan egi bakarra omen da, guztia gezurra dala.

Guk gutxiago esango dugu: guztia-edo arauzkoa baldin bada, zearorik ez bada Einstein berberaren ustariakor nobait ibiliko dirala.

Azken oarra. Ez gera gai-zailzaileak. Bein-bateko idazten dugula ta oraindi-oraingo arazo berria dalako, ausartu gara. Ala ere, barkatu”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia