Einsteinioaren propietate batzuk neurtzea lortu dute
2021/02/03 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Einsteinioa aztertzeko moduan sortzea eta haren propietate batzuk neurtzea lortu dute Berkeley Laborategiko eta Georgetown Unibertstitateko ikertzaile batzuek. 250 nanogramo sortu, eta lagin horrekin, besteak beste, lotura-luzera neurtu ahal izan dute (lotutako atomoen arteko distantzia). Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Einsteinioa 1952an aurkitu zuten Berkeley Laborategian, lehen hidrogeno-bonbaren hondakinetan. Geroztik, oso esperimentu gutxi egin ahal izan dira elementu horrekin, sortzeko oso zaila eta oso erradioaktiboa baita.
Hain zuzen ere, lagin erabilgarri bat lortzea izan da ikertzaileen erronka handiena. Einsteinio-254 isotopoa erabili dute, elementuaren isotoporik egonkorrenetako bat, 276 eguneko erdibizitza duena (atomoen erdiak desintegratzeko behar den denbora).
Espero ez zituzten propietate fisiko eta kimiko batzuk aurkitu dituzte, eta lotura-luzera neurtu ahal izan dute. Azken hori oinarrizko propietate bat da; elementuak beste atomo eta molekulekin nolako elkarrekintzak dituen ulertzeko balio du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia