}

Einstenen jakintzaz haratago

2005/09/07 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Astelehen arratsaldeko irekiera ofizialaren ostean, Alberto Galindo, Rafael Rebolo Lopez, Amand A. Lucas, Fernando Flores, Heinrich Rohrer, Jean-Marie Lehn eta Dudley Herschbach hizlarien txanda izan zen asteartean.
Dudley Herschbach.

Astelehen arratsaldeko irekiera ofizialaren ostean, Alberto Galindo, Rafael Rebolo López, Amand A. Lucas eta Fernando Flores hizlarien txanda izan zen astearte goizean.

Arratsaldea, berriz, programaz kanpoko hitzaldi batekin hasi zen. Heinrich Rohrer fisikaria aritu zen ondoren. Eta, jarraian, Jean-Marie Lehn kimikari frantsesak hartu zuen hitza. Materia konplexua (antolatua) eraikitzeko eman beharreko pausoei buruzko hitzaldi zoragarria eman zuen, eta, besteak beste, lan horretan kimikak duen garrantzia azpimarratu zuen. Behin eta berriz, giltzaren eta sarrailaren adibidea ezarri zuen; alegia, giltza bakoitzak bere sarraila duela eta, hortaz, sarrailaren araberako giltza eraiki behar dela. Zientzian ere halako zerbait gertatzen omen da.

Zortzietan puntuan, Jesus Ugalde katedradunak eguneko azken hizlariaren, Dudley Herschbach-en, aurkezpen txiki bat egin zuen. Oso pertsona umoretsu gisa deskribatu zuen 1986an Kimikako Nobel Saria irabazi zuen estatubatuarra. Telebistako Simpson programan agertu omen da inoiz edo behin, eta, irudi horiek ere eman zituen, kongresuan bildu ziren askoren barre-algaren artean. Gehiago luzatu gabe, zientzialari estatubatuarrari eman zion hitza.

"Gazte asko ikustea da gehien harritzen eta liluratzen nauena kongresu honetan" esan zuen Herschbachek. Einstenen irudiaz eta lanaz ere gogoeta txiki bat egin zuen. Eta esan zuen gutariko gehienok ez dugula Einstenen irudiaren araberako zientzia egiten.

Kongresuan bildutakoentzat mezu hau eman zuen: "Bilatzeko askoz gehiago dago" . Eta, zuzenean, browndar higiduraren eta motor molekularren inguruko azalpenak ematen hasi zen. Nolabait, biak lotzen ere saiatu zen. Izan ere, motor molekularrek, entzimek batez ere, aurre egin behar diote browndar higidurari.

Einstein maisu handiak browndar higidurari buruz idatzitako lau artikuluak ere aipatu zituen. Dena den, Brownen, Jean Perrin-en, Adam E. Cohen-en eta abarren lanak eta artikuluak ere erakutsi zituen

Baina, bukatzeko, berriro ere hasieran emandako mezura itzuli zen, eta esaldi honexekin bukatu zuen bere hitzaldia: "Zientziak zerikusia dauka ezagutzen ez dugunarekin".