}

Ekaitz-sistema konplexuak behatu dituzte Saturnon

2019/10/22 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ekaitz-sistema-konplexuak-saturnon
Hubble espazio teleskopioaren bidez 2018ko ekainaren 6an lortutako planetaren irudi osoa. Ipar poloaren gaineko koadroko 1 eta 2 zenbakiek hodei zuri gisa ikusten diren bi ekaitz nagusiak markatzen dituzte. Arg. NASA/ESA/A. Simon (GSFC) / GCP UPV/EHU

Saturnoko hainbat ekaitz polar aztertu ditu EHUko planetologiako lantaldeak, Agustín Sánchez Lavega irakasleak zuzenduta. 2018an gertatu ziren ekaitz handiak dira, iraupen luzekoak. Haiei egindako jarraipenaren emaitzak argitaratu dituzte Nature Astronomy aldizkarian.

Astronomo brasildar amateur batek ikusi zuen lehen aldiz, 2018ko martxoaren 29an, orban zuri distiratsu bat Saturno planetaren diskoan, ipar polotik gertu. Egun gutxi batzuen buruan, orbana hazi egin zen, eta 4.000 km-ko luzera hartu zuen. Bi hilabete inguru geroago, beste orban bat agertu zen iparralderago eta, ondoko hilabeteetan, baita hirugarrena eta laugarrena ere, ipar polotik askoz gertuago, Saturnoko hexagono ezagunaren mugan bertan. Behaketetan inoiz ez zen halakorik ikusi ordura arte.

Orbanak desplazatu egin ziren hilabete horietan, abiadura desberdinean, Saturnon ekialdera eta mendebaldera doazen jet korronte atmosferikoek bultzatuta. Horien indarra latitudearen araberakoa da. Lehen orbana, hegorago zegoena, 220 km/h-ko abiaduran mugitzen zen ekialderantz; iparrerago zegoena, aldiz, 20 km/h-ko abiaduran desplazatzen zen mendebalderantz. Ekaitzek topo egin eta perturbazio atmosferikoak sortu zituzten. Perturbazio horiek  Saturnoko ipar polo osora zabaldu ziren.

Goian, teleskopioaren bidez behatutako ekaitzak ikusten dira planisferio batean proiektatuta; eta. beheko sekuentzian, bi ekaitzen arteko eraginak, ordenagailuz eginiko simulazioaren arabera. Zenbakien bidez identifikatuta daude ekaitzak. Arg. E. García-Melendo / M. Soria / Universitat Politécnica de Catalunya

Orbanen ezaugarriei erreparatuta, badirudi konbekzioz sortzen direla beheko ur hodeietan, ikusten diren hodeien azpitik 200 km ingurura.  Gas heze eta beroak bizkor egiten du gora Saturnoko hidrogenozko atmosfera arinean, eta teleskopioz ikusten ditugun amoniakozko hodeiak sortzen dira.  «Lehen aldiz ikusi dugu horrelako fenomeno bat: hainbat ekaitz latitude desberdinetan. Orain arte ekaitz txiki isolatuak bakarrik ikusi ditugu, edo Orban Zuri Handi deritzen ezohiko ekaitz erraldoiak», dio Sánchez Lavegak. Harrigarria bada ere, lehen ekaitza zurrunbilo zikloniko baten barnean sortu zen, Cassini espazio ontziak suntsitu baino lehen lortu zituen irudien bidez ondorioztatu dutenez.

Ekaitz horien simulazioak egiteko sortu diren ereduen arabera, ekaitz txikiek baino energia gehiago eta erraldoiek baino energia gutxiago dute, baina ez dakite zergatik irauten duten horrenbeste. «Lurrean, gisa horretako ekaitzek egun batzuez iraun dezakete asko jota; Saturnon, ordea, lehen orbana zazpi hilabetean baino gehiagoan egon zen aktibo» dio Sánchez Lavegak. Gainera, Orban Zuri Handiak bezala, ekaitz hauek ere ipar hemisferioan baino ez dira ikusi, inoiz ez hego hemisferioan. Eta sortu ere badirudi antzeko erritmoan sortzen direla: 30 edo 60 urtean behin.

Azterlana egiteko nazioarteko eragile askoren arteko lankidetza izan dute: Cassini misio espaziala, planetaren orbitan izan zena 2017ko irailera arte; Hubble espazio teleskopioa, Calar Altoko behatokian instalatuta dagoen EHUren PlanetCam kamera eta behatzaile amateurren sare handi bat, haien irudiek asko lagundu baitute fenomenoaren eguneroko bilakaera jarraitzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia