}

Ekaitzak eta zikloiak aurrez ikusteko teknika berria

2002/06/04 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Australiako Meteorologia Azterketen Zentroak, teknika berri bati esker, ekaitzak eta zikloiak bi edo hiru aste lehenago iragar ditzake. Matt Wheeler zientzialariak eta bere lan-taldeak, mundu osoko klimaren bilakaera ulertu nahian, jarri dute martxan satelite bidezko teknika berri hori.

Zientzialari horien iritziz, otsailean Jakartan (Indonesia) gertatutako uholdea, hondamen handia eragin zuena, hiru aste lehenago aurreikus zitekeen beraien sistema berria erabiliz. Izan ere, Indonesiako hiriburuan izandako uholdea haize-uhain ikaragarriek eta hodei itzelek eragin zuten, eta hilabete lehenago satelite bidez jasotako datuek argi asko erakusten zuten hori gertatuko zela.

Teknika berri horri esker, gaur egungo eguraldi-iragarpen konbentzionalek baino bi aste lehenago aurreikus daiteke zer gertatuko den meteorologia-alorrean. Gainera, teknika berri horrek ekaitzen eta zikloien eragina murrizteko ere balioko du. Esate baterako, baso, itsasalde eta hiri handiak babesteko ahalegin handiak egingo dira.

Fenomeno atmosferikoak aurreikusteko balio duen sistema hori aztergai izango dute zientzialariek aste honetan Balin egingo diren meteorologiari buruzko mahai-inguruetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia