}

Ekologia, biologiaren magalean hazi eta osatu den zientzia

2001/01/07 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Ekologia zientzia zaharra da, baina, jakintza zientifikoa eta ingurunean gizakiaren jardueren eragina handitzen joan diren heinean, mugimendu ekologistei esker, osatu eta indartu egin da.

Garai baten amaiera beti izaten da atzera begiratu eta errepasoa egiteko memento egokia. Jakina da XX. mendea zientziaren mendea izan dela, baina, hala ere, interesgarria da arlo batzuek, ekologiak kasu, izan duten bilakaera aztertzea. Gaur egun, konbentzionalki, natura, ingurugiroa eta konserbazioa bezalako terminoen sinonimo gisa, edo pertsona batek ingurugiroarekiko duen begirunea aipatzeko erabiltzen da ekologia hitza. Gainera, gehienok ekologiari buruzko ezer gutxi irakurri eta ikasi dugunez, ekologiaren esanahi zientifikoa ez dugu ezagutzen, eta hortik, erabilera okerra. Gaurkoan, hutsune hori betetzeko, ekologiaren historian garrantzitsuak diren ikerlarien lanak jarraituz, zientzia horren historia ezagutuko dugu.


Ekologia historia luze eta korapilotsua duen gai zientifikoa da. Bere erroak Aristoteles-en garaikoak dira, baina geroztik aldaketa asko izan ditu. Hasiera hartan, ekologia adar zientifikoaren lan nagusia animal- eta landare-espezieak ikertzea zen. Aristoteles-ek ez zion garrantzi handirik ematen bizidunen arteko, eta bizidunen eta inguruaren arteko loturei. Animalien sailkapenari buruzkoak izan ziren bere ikerketa eta idatziak. XVII. mendean, naturarekiko ezagutza areagotzen zihoan heinean, zoologia, botanika eta mineralogia hiru adarrekin natur zientziak saila sortu zen. Naturalisten lana bidaia luzeak antolatuz, espezieak bildu, izendatu eta sailkatzea izan zen.


XVIII. mendearen amaieran espezieak sailkatzeaz gain animali espezieak mundu-mapan kokatzen hasi ziren. Horrela, animalien eta landareen ibilbide eta historia ezagutuz ohartu ziren lege zaharrak ziona ez bezala, inguruneberdineko bi lekutan espezie desberdinak sor daitezkeela.


Ekologiaren sorrera


IXX. mendearen hasieran, kimikariak eta fisiologoak organismoen arteko eta organismoen eta inguruaren arteko trukeak aztertzen hasi ziren. Alexander von Humboldt germaniarra, Hego Ameriketara egin zuen bidaian ohartu zen, ingurugiroaren ezaugarriek landareen fisionomian eragin zuzena zutela. Dena dela, bizidunen arteko harremanen ikerketan iraultza ekarri zuen ikerlaria Charles Darwin izan zen. 1859an argitaratu zuen teoriaren arabera, landareak eta animaliak ez dira sekula ingurugiroak sortzen dituen baldintzetara erabat egokitzen. Azken finean, animalia- eta landare-formak leku eta denbora jakin batean hobekien egokitu diren formak baizik ez dira. Kondizio berrietara egokitzen diren landare eta animaliek soilik irauten dutela eta besteak desagertu egiten direla ere ikusi zuen. "Espezien jatorria " liburuan gaur egun ezagutzen dugun eboluzioaren teoria idatzi zuen. XIX. mendean ezagutzak areagotzen joan ziren eta klimatologia, ozeanografia eta geografia diziplina berriak sortu ziren.


Haeckel biologo alemaniarrak erabili zuen lehen aldiz "oekologia" hitza, 1866an. Darwinen teoria sakonduz, izakien eboluzioa ingurunearekiko duten lotura handiagatik gertatu dela idatzi zuen. Ideia horrek izan zuen jarraitzailerik. Besteak beste, Oscar Drude eta Eugenius Warming europear naturalistek landareen geografia ikertu zuten eta, berriz ere, izakien eta ingurunearen arteko lotura azpimarratu zuten. Ikerketa horien ondorioz bilakatu zen ekologia zientzia autonomo.


Ekologiaren urrezko urteak


XX. mendearen bigarren erdian, beste arlo zientifiko batzuetan gertatu diren aldaketei esker eta gizarteak biosferan duen eragin handiagatik, ekologiaren garapena zabaldu eta bizkortu egin da.


Charles Elton ikerlariak 1927an idatzi zuen "Animal Ecology" liburuan animalien ekologiaren gako nagusiak markatu zituen eta ikerketetan komunitatearen egitura baldintzatzen zuten faktoreei aparteko garrantzia eman zien.


1930ean agertu ziren lehen ekologista kritikoak. 1935ean "Ecology" aldizkaria sortu zen eta, horrekin batera, ekologistak terminologia zaintzen hasi ziren. Adibidez, Tansley ikerlariak komunitate baten egituraren dinamika naturala azaltzeko ekosistema hitza erabili zuen lehen aldiz eta ekologista guztiei ekologiako termino guztiak zuzen erabiltzeko deia egin zien.


Urrezko urteak, Lindeman ikerlari estatubatuar gaztearen lanekin amaitu ziren. 1942an Clements, Elton, Tansley eta Hutchison-en lanak batu zituen, eta, horrela, ordurarte sakabanaturik zeuden ideien arteko lotura finkatu zuen. Bestalde, materiaren ziklo jarraituaz jabeturik, ekosistemaren baitan energia-ekoizleak (energia Eguzkitik hartzen dutenak), kontsumitzaileak eta deskonposatzaileak daudela jabetu zen eta materiaren-zikloa osatu zuen.


Gaur egungo ekologia


Gaur egungo ekologiaren oinarriak bi mundu-gerren artean finkatu ziren eta 1940ko hamarkadaren ostean, naturaren azterketa zientifkoa izatetik ekosistemen ekologia izatera pasa zen. 1972an, Lynn Margulis biologoak eta James Lavelock kimikariak Lurra izaki biziduna dela dioen Gaia teoria sortu zuten. Teoria horren arabera, Lurrak autoregulazio-prozesu baten bidez biziari euts diezaiokeen klima global egokia atxikitzen du.


Ekologiaren gaur egungo ikuspegi eta lan nagusia gizarteak ekosistemetan duen eragina aztertzea da. Horregatik, zientzi esparru hutsetik atera eta eragin sozial eta politiko handia izatera iritsi da ekologia. XX. mendearen bigarren erditik aurrera, gizakiak ingurugiroan eragindako aldaketez kezkaturik sortutako hainbat mugimendu sozialen (mugimendu ekologista edo ekologismoaren) oinarri teoriko eta praktikoa da ekologia.

Mugimendu ekologisten gora beherak


Mugimendu ekologistak 60ko hamarkadan hasi ziren, eta horrekin zerikusia eduki zuen garai bertsuko beatniken eta hyppien mugimenduak. Oro har, zibilizazio industrialak eta kontsumo-ekonomiak bultzatutako natur baliabideen neurriz kanpoko ustiapenaren kontra agertzen dira eta naturarekin orekatutako garapena aldarrikatzen dute. Gizakia espezietako bat besterik ez da biosferaren dinamikan, baina, aurrerapen zientifiko eta teknikoak direla medio, gaitasun berezia du ekosistemari eragiteko. Kontsumo indartsuari erantzuteko ekosistema anitz suntsitu eta espezie asko desagertarazi dira. Mugimendu ekologistak neurririk gabeko ustiapen industrialari eta energi ekoizpenari aurre egin nahi die, eta, besteak beste, poluzio gutxiko energia berriztagarriak erabiltzea proposatzen du.


Ia hasieratik, mugimendua indartu eta zabaltzeko hartu beharreko bidea bi ideia nagusik gidatu zuten. Alde batetik, mugimendu ekologistari sendotasuna ematen zion ikuspegi zientifikoa landu eta zaintzea beharrezko ikusi zen, eta bestetik, mugimendu sozialari eraginkortasun politikoa ematea. Horrela, hauteskunde politikoen bitartez eta erakunde publikoetatik ekologismoaren helburuak bultzatzeko, 1972an, Zeelanda Berrian, ekologisten lehen alderdi politikoa sortu zen. Europan, Frantziako eta Alemaniako alderdi ekologistak -berdeak izenez ezagunagoak- izan dira indar handiena lortu dutenak. Dena dela, maila politikoan gora behera handiak izan ditu mugimendu ekologistak eta, sarritan, hainbat taldetan ere zatitu izan da.


Beste bazterretan bezala, Euskal Herrian ere, mugimendu ekologista talde eta erakunde askotan banatu da. 1987an sortu zen Eguzki izeneko taldea, edo handik bi urtera, aurrekotik bereizita sortu zen Eki taldea, adibidez, orokorragoak eta iraunkorrak izan dira. Beste batzuk, berriz, arazo jakin bati aurre egiteko sortu izan dira. 1970.eko hamarkadan, adibidez, Lemoizko zentral nuklearraren inguruan mugimendu ekologista asko indartu zen eta zentralaren aurkako borroka koordinatzeko Euskal Kostalde Ez-nuklearraren aldeko Batzordea eta Zentral Nuklearren aurkako Komiteak taldeak sortu ziren. Arazo jakin bati aurre egiteko sortutako taldeen artean aurki daitezke ere, Leitzarango autobidearen arazoaren inguruan sotu zen Lurraldea taldea edo Itoizko urtegiaren aurkako hainbat ekintza ikusgarri egin dituzten Solidarioak.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia