}

Ekologia Ekonomia bidez

2000/09/03 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Lurreko ekosistemak ondasun baliotsuak dira eta ongi kudeatuz gero oso sistema emankorrak izan daitezke. Oinarrizko produktuez hornitzen gaituzte, bizitzarentzat ezinbestekoak diren prozesuak egiten dituzte eta gizakiek haien edertasunaz eta lasaitasunaz goza dezakete. Horrez gain, planetako biodibertsitatearen oinarria dira. Zoritxarrez, bestelako ondasunekin alderatuz, ekosistemak ez dira ongi ulertzen, gutxi ikertzen dira eta degradazio azkarraren menpe daude. Askotan eskaintzen dituzten zerbitzuen garrantzia ekosistemak desagertutakoan hartzen da aintzat.


Jokaera hori aldatzen ari da, esaterako, Australia eta Costa Rican. Joan den maiatzean Australiako Earth Sanctuaires konpainia burtsan kotizatzen duen kontserbazioaren aldeko lehen konpainia izan zen. Konpainiak lurrak erosi eta bertako flora eta fauna berreskuratu zituen; mozkinak, orain, turismo ekologikoak ematen dizkie. Ondasunen balioa ezartzen duten legeak aldatzea eta eurak dituzten animalia-espezieak ondasuntzat hartzea lortu zuten.


1997az gero Costa Ricako gobernuak diruz ordaintzen ditu ekosistemek eskainitako zerbitzuak: landareek karbono dioxidoa harrapatzea, ibaiak eta biodibertsitatea babestea edo paisaiaren edertasuna zaintzea. Dirua euren lurrak zaintzen dituzten jabeei ordaintzen zaie eta ekosistemak gehiago babestea eta berreskuratzea eragin du. Ordainketak egiteko dirua erregai fosilei ezarritako zergetatik eta Europako hainbat nazioei saldutako karbono-kredituetatik lortzen dute. Gobernuaren ekimen horiek zientzialarien eta industriaren sostengua izan dute.


Zenbatean salneurria?


Uholdeak kontrolatzeko, ura iragazteko, zoruaren emankortasuna ziurtatzeko, klima egonkortzeko edo gizakiaren gozamenerako, ekosistemak mundu osoan zehar babesten eta berreskuratzen ari dira eta ahalegin horien ildotik mekanismo ekonomiko berriak garatu dira. Naturari salneurria jartzen hasi gara; orain arte musu truk hartzen zenari balio ekonomikoa eman eta ordaindu. Zur-industriek, esaterako, ebakitzen dituzten zuhaitzek beteko ez dituzten funtzio ekologikoen truke dirua ezarri beharko dute.


Zenbatekoa ipini aurretik ekosistemak zerbitzuak nola sortzen dituen eta horien arteko elkarrekintza nolakoa den ezarri beharra dago. Hasteko, ekosistemak eskainitako zerbitzuen iturriak eta kontsumitzaileak zenbatzea ezinbestekoa da. Ekosistema zehatzak tokiari, eskualdeari eta planetari eskaintzen dizkion zerbitzuak kontuan hartu behar dira horretarako. Eltxoak kontrolatzea, uholdeak saihesten laguntzea edo klima egonkortzea tokiaren, eskualdearen eta planetaren mesederako dira, hurrenez hurren, eta zerbitzu horiei guztiei balio ekonomikoa ezarri behar zaie. Esatea egitea baino errazagoa da, ordea.


Ekosistema jakin batek zenbat balio duen kalkulatzeko hamaika faktore hartu behar dira aintzat. Zerbitzuez hornitzea eta horiek leheneratzeak eskatzen duten denbora puntu kritikoak dira, esaterako, baina bi ezaugarri horiek gutxi ulertzen dira eta hala izaten jarraituko du oraingoz. Ekosistemek nahasteei ez diete modu linealean erantzuten. Australian, adibidez, nekazariak ez ohartu arren, zorua gazitu egin da hamarkadaz hamarkada eta maila kritikora iritsi da. Bertako flora landatuta gazitasun-maila jaistea lortzen da (irabazia), baina, aldi berean, ibaien emaria murriztu egiten da (kostua). Are gehiago, ekosistema bakoitzak bere berezitasunak ditu; hau da, leku batean egiten denak baliteke beste edonon ezertarako balio ez izatea. Australian horixe gertatzen da. Ekialdean landareak ipiniz gazitasuna murriztea lortu da baina mendebaldean bide horrek emaitzak eman ditzan diru-kopuru ikaragarria jarri beharko litzateke. Teoria gauzatu ahal izateko eta ekosistema bati balio ekonomikoa emateko, beraz, tokian tokiko informazioa izatea oinarrizkoa da.


Ebaluazioa egiteko oinarriak


Abiatzeko, ebaluazio-prozesu guztian zehar ikuspuntu ekologikoa eta ekonomikoa bateratu behar dira eta, ondoren, hiru urrats jarraitu.


Bat: hautabide guztiak identifikatu. Lehen urratsa guztietatik garrantzitsuena eta, aldi berean, gutxietsiena da eta, askotan, ikusmira murritzegiak jarraituz egiten da. Hiri batek ura tratatzeko bere sistema zabaldu nahi badu, ingeniariek araztegi-motak aztertuko dituzte eta, ziur aski, ekosistema naturaletan oinarritutako aukerak ahaztu egingo dira.


Bi: hautabide bakoitzaren eraginak identifikatu eta neurtu; uneko inputetatik abiatu eta epe luzeko eragin biofisiko eta sozialetaraino. Balioespen zehatzak egiteko adina datu izatea arraroa da oso, baina zalantzak eta prozesua aurrera eramateak izan ditzakeen arriskuak kalkulatzea garrantzitsua da.


Hiru: ebaluazioa, hots, ekosistema dagoen bezala gordetzeak edo hautabide bakoitzarekin aurrera egiteak giza ongizatean nola eragingo duen neurtzea, bai orainaldian eta bai etorkizunean ere. Hautabide bakoitzaren arabera gizakiek hainbat zerbitzu eta ondasun eskuratuko dituzte baina, aldi berean, beste hainbat baliabideri uko egin beharko diete. Eragina bi bideen arteko aldea begiratuz neurtzen da eta unitate ekonomikoak erabiltzen dira.


Ebaluazioaren mugak


Ekosistema balioztatzeko saiakuntzek praktikan ekonomiako arazo zaharrenekin topo egiten dute: lehentasunak aurkitu eta batu, eta ziurtasun-gabezia maneiatu. Balioa kalkulatzeko metodo guztiek dituzte eragozpenak: merkatuko salneurriak ez du askotan produktuaren egiazko kostua islatzen eta, bestalde, ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzu gehienak merkatutik kanpo daude. Lehentasunak ezartzeko metodoak ez dira zenbait ondasun izateak duen balioa kalkulatzeko baliogarriak. Poluitutako lurren eta lur garbien arteko emankortasun-diferentziaren arabera, aire garbiaren balio ezar daiteke, baina nola neurtzen da oihan tropikalari so egiteak sortarazten duen poztasuna?

Etorkizun handiko apustua


Ekosistemak balioztatzea informazioa antolatu eta erabakiak hartzen laguntzeko gida da baina ez da ez helburua ez bidearen amaiera ere; agintarien esku jarritako tresna bat gehiago besterik ez da. Baina probetxugarria izan dadin bestelako ekimenez lagundu behar zaio: ekonomi politika egokia egin eta gizabanakoa ekosistemen ondasunen balioaz ohartarazi. Irabaziak kostuak baino askoz handiagoak direnean proiektu batek aurrera jarraitzeko aukera handiak ditu eta, alde horretatik, ekosistemak balioztatzeko orduan lehen akats zirenak orain bertute bilaka daitezke. Uraren arazketari dagokionez, iragazketa naturalaren balioa iragazkiaren kostua dela onartzen da eta, nahiz eta benetako balioa handiagoa izan, arazketa sistema naturalen aldeko bultzada izan da mundu osoko hainbat txokotan. Han eta hemen, arazketa sistema naturalak gordetzea eta berreskuratzea araztegiak eraikitzea baino merkeagoa dela eta, gainetik, balio ekonomiko erantsia duela ohartu dira.


Ekosistemen zerbitzuek duten elkarrekiko menpekotasuna kontuan hartzen duten ekimenak ere martxan jarri dira. Australia eta Costa Rican gazitasuna kontrolatzeko eta atmosferako karbono dioxidoa harrapatzeko asmoz jaio ziren proiektu ekologiko-ekonomikoak baina, zorte apur batez, hain ongi ulertzen ez diren bestelako zerbitzuak ere babestuko dituzte. Ekologia, ekonomia eta gizartea bateratzen dituzten ekimenen oihartzuna eta eskaria geroz eta handiagoak dira. Arrastoa ireki besterik ez da egin.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia