Ekologistak, automobilak eta iritzi publikoa
2000/06/01 Barcena, Iñaki Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ekologisten ospe onaz ez dago zalantzarik. Eurobarometrotik Euskobarometroraino argitaratutako iritziek argi diote talde eta erakunde ekologistak, alderdi politiko eta sindikatuak baino askoz onartuagoak direla. Ingurugiro- eta bizi-baldintzak zein osasunaren babes desinteresatua esker onez hartzen dira.
Badirudi, ostera hirian sortzen diren gai eta polemika berezi batzuen inguruan gauzak ilunago daudela eta ekologisten kritikak ez direla hain ongi hartuak, automobilaren auzian, adibidez.
Nire ustez automobila dugu mende honetako tramankulu teknologikorik hedatuena eta, agian, kaltegarriena ere bai. Gure ekonomiaren zati handi bat errepide, petrolio eta autoen produkzioan oinarritzen delarik, multinazional gutxi batzuen kontrolpean gainera, ingurugiroarentzat eta gure bizitza-kalitatearentzat gaixotasun berria bihurtu zaigu automobila. Istripuak, isunak, poluzioa eta hiri-espazioa okupatzea txanponaren alde ezkorra baldin badira mugikortasuna, estatus soziala eta askatasun-sentimendua lirateke erakargarritasunak. Autoen publizitateak ez du erreparorik "sex appeal" edota naturaren konkistarekin jolasteko; azken batean, automobil pribatuak gure zorionaren zati dexentea ordezkatu nahi du. Ingurugiroaren aldetik (aldaketa klimatikoa, egurats-poluzioa eta hiriak desegituratzea, adibidez), baita gizarte-ikuspuntutik ere, autoak eta automobilgintza faktorerik negatiboenak ditugu.
Gure artean, gobernu zentralak zein autonomikoek ez dute oraindik arazoa ikusi nahi izan. Errepideak, saihesbideak, tunelak eta autobideak dira gure politikarientzat garapen ikurra. Badirudi autoek dutela boto-emaileen eskubidea. Kultura automobilistikoaren preso gara eta autorik gabe ez gara ezer, ez gara inora heltzen. Dena den, datuak hor daude (hauek Bilbokoak dira) eta sinesgaitzak ala ez, oraindik ere gure hirietan gehienak oinezkoak dira (% 48a) garraio publikoa erabiltzen dutenekin batera (% 23a). Autoa erabiltzen dutenak laurden bat baino ez dira eta bere "bidaia" normalean ez da kilometro t'erdi baino luzeagoa izaten.
Autoak teknologiaren aldetik gero eta hobeak, ziurragoak eta energetikoki eraginkorragoak dira, baina horrek onetik ezer gutxi ekarri dio ingurugiroari, matrikulazioak ziztu bizian goraka egiten duen heinean.
Horrexegatik ekologisten proposamenak txarto ikusiko dira kontsumoak eta produkzioak tankera-aldaketa sakona eskatzen dutelako. Automobilaren hedapenari frenoa jartzea, katuari txintxarria ipintzearen antzeko dema handia dugu, baina publikoaren iritzia alde izateko aliatu eta bidaideak ez dira faltako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia