Ekonomia zientziaren sorrera
1995/08/01 Bandres Unanue, Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria
Industri kapitalismoari dagokionez aurrerapen teknikoak, produktuak lortzeko eta hedatzeko arintasuna eta uniformetasuna, eta beren erabilpenen zabaltasuna hartu behar dira kontutan. Honekin lotuta eta soberakinen arazoari aurre egiteko, merkatu berrien eta garraiabide komertzialen beharra azaldu zen. Antolaketa finantzarioa errotik aldatu zen. Beraz, aldaketa ikaragarria egin zen. Hain handia, non iraultza izan zela esan baitaiteke. Iraultza horretan produkzio-indar gero eta handiagoek truke-libreko sistemaren oztopoak agertarazi zituzten. Horrek eta produkzio-soberakinak langileen langabeziari aurre egiteko estatu-babesa martxan jartzeari lagundu zioten.
Nekazaritzan ere kapitalismoak bere ondorioak izan zituen. Zenbait herrialdetan, Ingalaterran esaterako, esparru hau industrializatu egin zen. Horrela, betidanik molde zaharrei lotutako Europako nekazaritzak bere aldaketa izan zuen: lanabesak hobetzea, ongarri berriak, haziak aukeratzea, makina berriak, izurrite aurkako bitarteko, eta abar luze batek arlo honetan benetako aurrerapausoa eragin zuten.
Aipatu dugun hirugarren puntuari dagokionez, proletalgoaren sorrera Europan izandako populazioaren hazkuntzari dago lotuta, eta azkeneko hau eta kapitalismo handiaren garapena guztiz uztartuta daudela begi-bistakoa da. Proletalgoa (hots, beren lana baino ez duten langileen multzoa), XVIII. mendean ezaguna bazen ere, herrien bizitzan txertatutako gizarte-klase gisa XIX. mendean gauzatu zen. Masa- eta industri proletalgoa bat egin ziren. Ondasunak, gehienbat bakar batzuen eskuetan gelditu ziren bitartean, aldamenean industri produkzioaren interesetara makurtuta zegoen jendetza goseak zegoen. Enpresari eta langileen arteko desberdintasun ekonomiko ikaragarri hartan egoera arrazonatzeko eta ulertzeko teoria baten lehen urratsak eman ziren, hots, ekonomiaren teoriarenak.
Ekonomia politikoaren aitzindariak
Nahiz eta garaiari dagokionez beste aro batekoa izan, gaur egungo ekonomia politikoaren arbasoetan William Petty (1632-1687) aipatu behar dugu. Liburu desberdin asko idatzi zituen, baina gai honi dagokionez “Treatise of taxes and contributions” eta “Political arithmetics” izenekoak aipatu behar ditugu. Petty zientzia esperimentalen aldekoa zen eta Locke eta Hobbes-en laguntzarekin “Royal Society” sortzen gogor lan egin zuen.
Ekonomiaren arloan egindako saiakeretan bere saiakuntzen aldeko zaletasuna agertzen da eta fenomenoen ondorioen objektibotasunaren bila arduratu zen. Dena dela, Pettyren modernotasuna lan-iturrien ikerkuntzan dago batez ere. Pettyk esan zuenaren arabera, balioaren kontzeptua giza ekintza baten emaitza abstraktutzat kontsidera zitekeen.
Baina, lana/balioa binomioaren artean jar daitekeen baliokidetasuna, merkantzien balio erreala da. Pettyren pentsakeraren arabera, merkatu-prezioak ez du berdintasun zehatza adierazten eta horrek kapital-pilaketa ekar dezake. Hitz gutxitan esanda, Pettyk lan alokatuaren kostuaren eta produktuaren balioaren arteko diferentzia kapitalistaren onuran gelditzen zela azaldu zuen. Egia da, bai, Pettyk egindako guztia nekazaritzarekin lotuta zegoela, bera XVII. mendean bizi baitzen, baina bere teoriaren bideak (gero ekonomia orokorraren esparruan erabiliko zirenak) lehen aldiz plazaratu zituen.
Pettyk jorratutako ikerketa-esparruak ez ziren berehala kontutan hartu, baina zetozen iharduera ekonomiko berriek arrazionalizatzeko giroa sortarazi zuten. Pettyk fenomeno ekonomikoak lege objektiboen bitartez erregulatzeko ahalmena ezarri nahi zuen, eta lortu ez bazuen ere, bidea hori zela argi utzi zuen.
Baina, ikerketa-esparru berri hau zabala bezain korapilotsua zen. Hala ere, gauzak aurrera joan ziren. Zientzia berri honen lehen urratsak, industriaren aldaketa teknikoak, eta kapitalismoaren nagusitasun ekonomiko nahiz politikoa denbora eta leku berean agertzea ez zen kasualitatea izan. Pettyk nekazaritza-enpresen balioari buruz egindako hipotesiak Smith-ek bereganatu ondoren, eguneratu, laburtu eta egokitu egin zituen, baina orain oinarritzat gizarte industriala hartuko zen, eta ez nekazalgoa.
Adam Smith
Adam Smith (1723-1790) Glasgow eta Oxford-eko unibertsitateetan ikasi ondoren bidaia asko egin zuen. Parisen egon ondoren Glasgow-ra itzuli eta bertako filosofia moralaren katedra eskuratu zuen. Bere lanetan, “Theory of moral sentiments” izenekoa aipatu behar dugu (1759an argitaratu zuen). Bertan Hume-ren eszeptizismoaren aurka agertzen da. Honen arabera ezaguerak ezin dezakeela egia metafisikoa eskuratu (hots, gizakiarengan dauden barne-barneko sinesmenak ez daudela ez egiaztatzerik eta ez gezurtatzerik ere) pentsatzen zen, Smith honen aurka altxatu zen. Gizaki guztiongan logika bat bazela kontsideratuz, errealitateko behaketa enpirikoen bitartez lortutako emaitzen gainean pentsatuz eta lan eginez, aurrera segitu zuen.
Munduaren irudi moralak edo filosofia moral optimistaren ideiek, Smithen pentsakera egoera ekonomiko berriaren balioetara eraman zuten. Bere bizitzako aro berri hari “An inquiry into the nature and causes of the wealth of nations” izeneko lana dagokio (1776an argitaratu zen). Idazle batek esan zuenez, “Errealitate ekonomikoaren ikerketa enpirikoaren gain, lana ondoko kontsiderazio etiko-teologikoan oinarritzen da, eta hau kontutan hartzen ez bada idazkiaren izpiritua ez dago ulertzerik: nahikeriek gizakia bultza egiten dute, baina, hau “ekonomikoki” aritzen denean, hau da, bere onurarako, ikusten ez den esku batek hasieran pentsatuta ez zegoen helburu baterantz bultzatzen du; gizarte guztiaren onurarako, alegia”.
Beraz, Smithen arabera aberastasunaren izaera eta kausak truke-librearen gainean eraikitzen dira. Liburu hau lan-banaketaren ikerkuntzarekin hasten da. Bere iritziz lan-banaketa trukearen ondorio naturala da. Batzuen ustez Smithek kausa eta efektua nahastu egin zituen sistema kapitalistaren erlazioak naturaltzat hartzeagatik. Dena dela, eta eztabaida hau alde batera utzirik, lanaren produktuaren emaitza argitzeko gai izan zen eta hau erabilpen-balio eta truke-balio gisa sailkatu zuen. Beraz, Smithek ondasun baten truke “naturalaren” arazoa plazaratu zuen lehen aldiz.
Smithen prezio naturalari buruzko gogoetak garrantzi handikoak dira. Berak prezioak aroen eta tokien arabera aldatu egiten direla jakin bazekien, baina neurtzeko unitate unibertsal eta objektiboa jartzea egokitzat jo zuen. Unitate horren bila abiatu zenean honek gizartearen baldintzen (hots, aurreratua ala atzeratua izatearen araberakoa) izan behar zuela konturatu zen. Bigarren kasuan, gaiaren truke-balioa aurkitzeko, gaia bera lortzeko behar zen lana baino ez zen kontutan hartu behar. Lehenengoan ordea, beste produkzio-faktore batzuk kontsideratu behar zirela konturatu zen eta kasu batean zein bestean denbora beti baloratu egin behar zela. Beraz, Smithek plazaratutako arazoaren ebazpena ez aurkitu arren, kapitalaren pilaketa nondik datorren edo nola egiten den adierazi beharra argi eta garbi utzi zuen.
Smithek kapitalaren pilaketa justifikatzeko, balioaren eta lanaren arteko baliokidetasuna “hasierako” gizartean (hots, gizarte primitiboan) baino ez dela izaten kontsideratu zuen. Gizarte zibilizatuan, aldiz, aberastasuna eta txirotasuna ez datoz norberak lan egin dezakeenaren arabera; lana erosteko ahalmenaren arabera baizik.
Beraz, nolabait jadanik proletalgoaren hurrupakuntza plazaratzen zuen Smithek. Puntu honi buruz ondoko hau idatzi zuen: “Pertsona berezi batzuen eskuetan kapitala pilatu ondoren, hauetako batzuek naturalki langilegoari lana emateko erabiltzen dute, lehengaiak eta irauteko bitartekoak bereganatzen dituzte eta lortutako produktuaren salmentarekin edo egindako lanak lehengaiaren balioari «gehitu» dionaren bitartez etekina lortzen dute”. Beraz, Smithek “plusbalioaren” kontzeptua ikusi zuen, baina horri “gehitutako kantitatea” esan zion, hau da, aurreratutako kapitalaren etekina, bere bitartez langileen soldata ordaindu eta lehengaiak erosi ahal izaten dira eta. Smithek gehitutako balioaren adierazpenaren bitartez balio beraren adierazpena eman zuen eta honek gerora izugarrizko garrantzia izango zuen.
Ikerlari honek aztertu zuen beste gai bat produkzioa izan zen. Hori guztiz logikotzat jo behar dugu industrializatzen ari zen gizarte hartan. Arlo honetan honakoa frogatu zuen: “Lan bat emankorra da, baldin eta balioa ematen badu, eta ez bestela.”
Nahiz eta Smithen lanetan zulo asko izan, gauza asko jarri zuen lehen aldiz mahaiaren gainean. Besteak beste, klase kapitalistari eman zion maila daukagu bat. Berarentzat klase honek gizartean eta politikan lehenengoa izan behar zuen, indar hegemonikoa zelako. Bestalde, morrontza gogor kritikatu zuen eta arrazoi sendoak emanez, artean zirauten Erdi Aroko nolabaiteko esklabotasun-motak astindu egin zituen.
Smithen lanak lehenengo aroa ixten duela esan dezakegu. Aro honetan ekonomiari buruzko kezkaren kontzientziazioa agertzen da lehen aldiz. Gogora dezagun orduan Ingalaterran lehenengo makinak instalatzen ari zirela eta horrekin batera langile-mugimenduaren hasiera izan zela, Frantzian ideologia sozialista plazaratzen ari zen bitartean.
David Ricardo
Londresen jaioa zen 1772an eta 1823an hil zen, jatorriz Portugaldik etorritako familia juduko semea zen. Bere aitaren aholkuei jarraituz, finantzen munduan murgildu eta diru asko eta asko irabazi ondoren, ekonomiari buruzko ikerketak egiten hasi zen. Ricardok lan bat baino gehiago idatzi zuen, baina guztien artean “The principles of political economy and taxations” izenekoa da ospetsuena.
Ricardok lortutako emaitzak bere aurrekoenak baino askoz zientifikoagoak dira. Balioaren kontzeptuaz kezkatuta zegoen eta ikerketa ekonomikoaren oinarritzat hartu zuen. Are gehiago, fenomeno analitiko-ekonomikoen adierazpenean balioaren papera kapitalaren esparruan ipini zuen zientifikoki eta hiru faktoreren errealitatea aldarrikatu zuen: “lurraren emaitza eta lana, makina eta kapitalaren bitartez gainazaletik ateratzen den guztia... gizartean hiru ataletan banatzea da: kapitalistetan, nekazalgoan eta proletalgoan.”
Ricardok balioaz arduratu zenean erabilpen-balioaren eta truke-balioaren arteko bereizketa erabili zuen eta hori biribiltzeko “merkatuaren” kontzeptua ezarri zuen.
Ricardoren iritziz lanak, oraingoak nahiz iraganak, (eta ez beste ezerk) finkatzen du balioa. Horregatik, berarentzat soldataren arazoa oso garrantzitsua zen. Bere ustez soldata handiagotzeak ez zekarren balioa handiagotzea eta hori arrazoi sendoen bitartez frogatu zuen. Soldatek ez zeukaten eraginik berezko balioan edo berezko prezioan; etekinean baizik. Hau da, balioaren banaketa egitean, soldata handiagoa bada etekina txikiagoa da, eta alderantziz. Etekinaren gaiari jarraituz, berarentzat gizartearen euskarria etekina baino ez zen.
Ricardoren teorian salgaiaren balioa honakoa da: bera lortzeko egin behar den lana. Beraz, lanak prezio natural bat badauka, hots, langileak eta bere familiak irauteko behar den salgaiarena. Hitz gutxitan esanda, lanaren eta balioaren arteko baliokidetasuna jartzean berezko soldataren eta soldata errealaren artean zeuden desberdintasunak adierazi zituen.
Ricardok aztertu zuen beste kontzeptu bat “errentarena” da. Baina honi buruz ikuspegi partziala baino ez zuen izan. Garai hartan eta berak ezagutu zuen gizartean, lurjabeek garauaren prezioa handiagoa izatea nahi zuten eta kapitalistek jaistea nahi zuten. Beraz, kapitalistek lurjabeen interesen aurka, merkatu hura ireki egin nahi zuten. Esparru horretan kokatzen da Ricardoren errentari buruzko ikerketa eta horregatik esan dugu ikuspegi partziala baino ez zuela izan.
Ricardoren azkeneko atala industri makinismoari buruzkoa da. Ricardok lanaren mekanizazioa ezagutu zuen, eta hark sortu zuen lehenengo langabezia handia ere bai. Baina gizarte-fenomeno hura berria zenez gero, ez zen behar bezala ikertu. Smithen jarraitzaileen ustez hura zerbait iragankorra baino ez zen. Hasieran Ricardok ere iritzi hori zuen eta, are gehiago, berrikuntzek eragindako aurrerapenak kontutan hartu zituen. Bera makinismoak kapitalaren aurreztea eragiten zuela frogatzen saiatu zen.
Ondorioz, prezioen beherapena zela eta, eros-ahalmena handiagoa zelako proletalgoak mozkina izan zezakeen. Azkenik, pilatutako kapitalak (berriro inbertitzeko aukeraren bitartez) lanpostu berriak sortaraziko zituen. Ondorio hauek aipatutako bere liburuaren lehenengo argitalpenean datoz, baina proletalgoaren benetako bizimodua ezagutu ondoren, aldatu egin behar izan zituen. Marxek aldaketa hau azpimarratzen du, eta horrek adierazten duena ere bai. Baina, nahiz eta arazo hau sakonkiago aztertu eta desoreka honek ekar zitzakeen ondorioak (ez gizartearen barnean soilik; nazioan ere bai baizik) ikusi, ez zen ebazpen bila arduratu. Berak bere aberats-mailatik hotz-hotzean errealitatea deskribatzen baino ez zen saiatzen eta.
Ricardoren lanaren eragina izugarria izan zen. Bere ondorioek eta hauek lortzeko jarritako oinarri zientifikoek, arazo ekonomikoak aztertu beharra plazaratzeaz gain zientzia ekonomikoaren zutabe irmo eta sendoak ipini zituzten.
Ekonomiaren arazo etikoa
Sortutako kapitalismoaren bitartez Europako bizitza ekonomikoaren egoeran eta berarekin batera gizarte berrian, aldaketa sakona eragin zuen. Alde batetik, kolonialismoaren hedapena zegoen, eta bestetik, populazioaren gehikuntza, eta azkenik, jendetzaren hirietako pilaketa. Beraz, ez gaitu harritu behar pertsona batzuek hau guztia alderdi etikotik aztertu izana. Smith bera arazo honekiko baikor zen, baina Ricardok gizarteko gatazka argi ikusi zuen. Beraz, gustu guztietako iritziak egon bazeuden. Gizartean zeuden bi klaseak ikusiz (zeukatenena eta ez-zeukatenena), batzuek dirudunak defendatzen zituzten bitartean, besteek alderantzizko joera zuten.
Lehenengoetakoa Malthus (1766-1834) dugu. Hau artzain anglikanoa zen. 1798an izenik gabeko liburuxka bat argitaratu zuen; geroago “Essay on the principle of population as it effects the future improvement of society” izenez ezagutu izan dena.
Bertan populazioaren hazkundeaz arduratzen da eta bere ustez hau progresio geometrikoaren arabera doa. Beraz, demografi kontrola da beharrezko. Honaino, eta nahiz eta bere ondorioek oinarri zientifiko sendoa izan ez, gaitzerdi. Errealitateak arrazoi ematen diola dirudi. Baina hori guztia boteretsuen jarrera defendatzeko baino ez zen.
Berak honela zioen: “Jabego pribatuaren mundu honetan jaiotzen den edonork bere gurasoek nahiz bere lanak ematen dizkioten iraupenerako bitartekoak ez baditu ez dauka inongo eskubiderik mantendua izateko. Berez, mundu honetan alferra da. Naturako mahai handian ez du bere zain dagoen platerik. Naturak alde egitea agintzen dio eta agindu hauek laster betetzen ditu”. Zer esanik ez, Marxek oso gogor kritikatu zuen Malthusen jarrera hau, baina bere demografi ideiek eragina izan dute gure gizartean.
Esandako arazo ekonomikoen ikuspegi etikoaren arlo honetan Jeremy Bentham (1748-1832) aipatu behar dugu. Bere ustez alde tekniko nahiz ekonomikoen bitartez gidatutako gizarte-egoera berria oinarrizko balore batzuen aurka zegoen. Egoera berria aztertu ondoren, hasierako hitzarmenak bizimoduaren egonkortasuna ez zekarrela ondorioztatzen zuen, hau da, gizarteak, elkarrekin bizi ahal izateko, lege batzuk onartu egin zituela, baina lege horien iraupenak ez zekarrela berez gizartearen ongizatea; alderantziz, baizik. Horregatik, egoera berrian ongizate handiagoa izateko, hau da, “lagun gehiagorentzat zorion handiagoa” izateko, egokitzapenak egin beharko zirela pentsatzen zuen.
Ildo honetan aipatu behar den beste izen bat James Mill (1773-1836) da. Hau Stuart Mill enpirismo filosofikoaren sortzailearen aita zen. Honek Benthamek jarritako printzipioak era zientifikoagoan ipini zituen eta erabilkortasun sozialari adierazpen soziala (eta ez iheki-adierazpena) eman zion. Hau da, bere garairarte etikoa baino ez zena, uki zitekeen zerbait bihurtu zuen. Mill materialismo etikora iritsi zen, bertan bakoitzaren autonomia agertu zuelarik.
Ekonomiaren hastapen honetan orain Karl Marx ekarri beharko genuke, baina nahiz eta bera ekonomilaria izan, bere lanak askoz esparru handiagoan izan zuen eragina, hots, eremu soziologikoan. Hau dela eta, bere lana beste atal horretan ikertzen da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia