}

Ekuatoreaz gaindiko glaziazioa

2004/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikertzaile-talde batek esan du azken glaziazioa aldi berean gertatu zela hemisferio bietan. Horrek adieraziko luke atmosferak garrantzi handia duela ekuatoreaz gaindi hotza garraiatzeko.

Aspaldiko eztabaida izan da klimatologoen artean glaziazioak Ipar eta Hego hemisferioetan aldi berean gertatzen ote diren. Duela gutxi arte ez zuten uste hori posible zenik, Lurraren orbita eta inklinazioa direla eta hemisferio batek besteak baino bero handiagoa jasotzen baitu Eguzkitik.

1990eko hamarkadan, ordea, antzekotasun handiak aurkitu zituzten Txileko glaziarren aldaketen eta Ipar hemisferioko azken glaziazioaren erritmoen artean. Datu horiek baieztatzeko, Argentinako harri eta sedimentuak aztertu dituzte kaleratu berri den ikerketan.

Lortutako emaitzen arabera, hegoaldeko azken glaziazioa bat dator iparraldekoarekin. Ikertzaileek uste dute mekanismo azkar batek eraman zuela hotza Hego hemisferiora, eta mekanismo hori atmosferan bilatu behar dela, itsasoan motelago gertatzen baita bero- edo hotz-transferentzia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia