El Niño ate-joka dabil
2002/02/28 Elhuyar Zientzia
Bi-zazpi urtetik behin, Pazifikoko eredu klimatikoa aztoratu egiten da, eta hilabete batzuetan han eta hemen hondamendiak gertatzen dira: lehorteak, uholdeak, izurriteak... Guztiaren errua El Niñori egozten zaio. Hala ere, askotan haren atzetik bere arreba La Niña etortzen da, eta hark sortutakoak ez dira askoz leunagoak izaten. Azken El Niño 1997-1998an izan zen, eta hildako asko eta kalte material ikaragarriak eragin zituen.
El Niño noiz etorriko den iragartzeko, alde batetik, satelite bidez itsaslasterren irudiak jasotzen dira, eta, bestetik, El Niñori jarraipena egiteko jarri zen buia-sistemak atmosferaren eta itsasoaren egoera adierazten duten datuak biltzen ditu.
Hori guztia kontuan hartuta, datozen 3-6 hilabeteetan El Niño etortzeko arriskua dagoela ohartarazi du Europako Espazio Agentziak (ESA). Urte-hasieran, gauza bera adierazi zuen AEBetako Institutu Ozeaniko eta Atmosferikoak (NOAA). Horregatik, oso adi daude bereziki Perun eta Txilen, egoera horretan izaten diren euri-jasak normalean baino 10-40 aldiz bortitzagoak izaten baitira. Baina beste lekuetan ere ez da lasaiegi egotea komeni: El Niño Pazifikoan hasten bada ere, eragina mundu osora zabaltzen da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia