Electric City
2020/12/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Bitxikeri batekin natorkizue gaurkoan Estatu batuetako Washington estatuan dagoen hiri baten izena da, hain zuzen bitxikeria hori: Electric City.
Baina, ezin da kontua hor utzi. Hiri horren izenaren zergaitia azaldu behar da. 1.000 biztanleko hiri bat da, besterik ez. Herri bat, esango genuke hemen. Eta izenaren zergatia fantasiatik urrun dago. Izenaren arrazoia da urtegi baten ondoan dagoela, Grand Coulee Dam, Columbia Ibaian. Aipatzekoa da gaur egun Estatu Batuetako energia-estaziorik handiena dela eta urtegia eraiki zutenean, 1930eko hamarkadan, sekulako arazoak sortu zituela; bai inguru hartan bizi zirenentzat, baita espezie askotan ere, izokinetan adibidez. Electric City 1950 inguruan eraiki zuten. Eta, noski, gaur egungo Electric City horren webgune ofizialean, electriccity.us-en, letra handiz nabarmentzen dute hiriak gaur egun duen naturarekiko konpromezua.
Hori da Electric City. Izen hori bera duen hiria. Baina izen horrekin hiri bakarra baldin badago ere, beste askok Electric City ezizena dute, bai Estatu Batuetan, baita Kanadan eta Eskozian ere.
Anderson hiria, Hego Carolinan, elektrizitatea izan zuen lehenengotako hiria izan zen, Estatu Batuetako hego ekialdean. Schenectady hirian, New York estatuan, General Electric konpainia sortu zuten. Strantonen, Pensilvanian, elektrizitatea sartu zen oso goiz, 1880an, eta sei urte geroago tranbia elektrikoak zituen kalean. Kaukaunan, Wisconsinen, planta hidroelektriko bat ireki zuten 1885ean. Great Falls hiriak, Montanan, izen hori dauka Missouri ibaian bost ur jauzi zituelako segidan 16 kilometroko tarte hartan, eta bostetan egin zituzten urtegi bana, elektrizitatea ekoizteko. Horiek, Estatu Batuetan. Kanadan, batetik New France hiria dago, Eskozia Berria probintzian, eta bertan urtegi bat egin zuten Silver Ibaian eta elektrizitatea sortzen hasi ziren inguruetako beste hirietan baino lehen. Bestetik, Peterborough hiria, Ontarion, lehena izan zen Kanadan kalean argi elektrikoa izaten. Eta bukatzeko, Eskozian, Europan, Bruro hiria izan zen lehena elektrizitatea erabiltzen Eskoziako iparraldean. Hiri horiei guztiei deitzen diete Electric City ingurukoek.
Gaur elektrizitatea ez da harrigarria. Baina XIX. mendearen bukaeran eta kasu batzuetan XX. mendean, inpaktu handia izan zuen teknologia berri horrek. Berria diot, elektrizitatea publikoki zabaldu zen garaiaz ari naizelako, noski. Electric City izenaren atzean ez dakit zer espero nuen, baina nire fantasia baino askoz istorio arruntagoa zen. Nolanahi ere, teknologiaren eragina handia izan da egunerokoan kasu haietan. Adibide bat besterik ez da izan. Baina oso emankorra.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia