}

Elefante zaharrek begirunea merezi dute

2001/04/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Science aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, elefanteek arrazoi sendoak dituzte memoria ona izateko. Dirudienez, adineko elefante emeek duten esperientziak adiskideak eta etsaiak bereizten laguntzen dio taldeari. Ondorioz, eme jakitunak dituzten taldeen ugaltze-tasa handiagoa da.

Ikertzaileen ustean, beste zenbait espezietan gauza bera gerta daiteke eta horrek katxalote-populazio batzuek hain kume gutxi zergatik dituzten azalduko luke.

Britainia Handiko Sussex-eko Unibertsitateko eta Londresko Zoologia Institutoko ikertzaileek Kenyako 20 elefante-talde familiar aztertu zituzten. Talde bakoitza hainbat eme eta beren kumeak osatzen zuten. Sarritan, janari bila ari zirenean, beste talde batzuekin edo elefante bakartuekin topo egiten bazuten ere, talde bakoitza bere aldetik mugitzen zen,.

Beren inguru sozialaren ezagutza probatzeko, grabatutako elefante-deiak jartzen zituzten; ondoren, ikertzen ari ziren elefanteen erantzuna ikusten zuten. Normalean, ezezagunen deia entzutean, emeak, kumeak babesteko asmoz, horien inguruan biltzen ziren. Aldiz, deia ezagun batena bazen, ez entzunarena egiten zuten.

Hala ere, talde batzuk ezezagunak bereizten beste batzuk baino hobeak zirela ikusi zuten. Nonbait, zenbat eta urte gehiago izan eme zaharrenak, orduan eta zuzenagoa zen taldeak hartutako erabakia. Gainera, eme zahar horren jakinduriari esker, batetik, alferrikako babesa ematen denbora gutxiago galtzen zuen taldeak eta, bestetik, estres gutxiago jasaten zuen. Ondorioz, beste elefante-talde batzuek baino kume gehiago izaten zituzten.

Ikerketaren emaitza beste espezietara zabalduz, orain dela 18 urte egiten ziren katxalote-ehizen ondorioa, Peruko, Txileko, Japoniako eta Europako ipar-mendebaldeko kostetako katxaloteen populazioetan ikus daitekeela dio Kanadako Halifax Institutuko biologo batek. Izan ere, populazio horien jaiotza-tasak oso baxuak dira. Beraz, zaharrek talde osoarentzat duten garrantziaz oharrarazten du biologoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia