}

Elefanteak Australian

2012/10/01 Larrañaga, Xanti - BAM Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea eta Ekologian doktorea Iturria: Elhuyar aldizkaria

elefanteak-australian
Arg. Lucas Santana/CC-BY

Agian ikusiko edo entzungo zenuten Science aldizkarian publikatutako iritzi artikulu batek zer proposatu duen: inbaditzaile bihurtu den belar bat kontrolatzeko, elefanteak sartzea... Australian.

Jatorriz afrikarra den belar-espezie bat ( Andropogon gayanus ) ganaduarentzako larrerako ona izan zitekeelako ideiarekin sartu eta faboratu zen Australiako sabanan. Lau metroko garaierara heltzen den espezie hori kontrolik gabe barreiatzen hasi da kontinente hartan, jatorrizko belarjale martsupialen eta ganaduaren kontroletik kanpo. Jatorrizko landare-espezieak baztertu egiten ditu, eta erregai berri bihurtu da kontinente hartan hain ohikoak diren suteentzako, haien kalteak larriago bihurtzeraino.

Horiek horrela, Tasmaniako Unibertsitateko ikertzaile batek, Australiatik orain dela 50.000 urte desagertu ziren megabelarjaleen ordezkoak sartzea proposatzen du: elefanteak eta errinozeroak hain zuzen ere. Modu horretan, bi animalia-espezie horiek belar inbaditzailearen kontrol biologikorako erabiliko lirateke, beren jatorrizko Afrikako lurretatik urrun.

(Des)kontrol biologikoa

Kontrol biologikorako sartutako espezieen adibideak Australian bertan aurkitu ditzakegu, baina ez funtzionatu dutelako, azkenean desastre ekologikoa eragin dutelako baizik. Horren bi adibide ditugu azeria eta azukre-kanabera apoa. Azeriaren kasua ezaguna da: hasieran Ingalaterran egiten zen azeri-ehiza tradizionalarekin jarraitzeko Australiara ekarritako espezie hori faboratu egin zen, izurri bilakatzen ari zen untxia kontrolatzeko (Europan haren ehizakien artean baitzegoen). Australiako lurretan, ordea, azeriek harrapatzeko askoz ere errazagoak ziren bertako faunan aurkitu zituzten ehizakiak; espezie ugari desagerrarazi edo kolokan utzi zituzten, untxien populazioan inolako eraginik izan gabe. Beste kasu adierazgarria, nahiz eta hain ezaguna ez izan, azukre-kanabera apoarena da. Queensland-en, azukre-kanaberaren nekazaritza oso jarduera ekonomiko garrantzitsua izan da landarea Australiara eraman zenetik, XVIII. mendean. Natiboa zen kakalardo batek kanabera-soroetan sortzen zituen kalteen ondorioz, eta erremedio kimikoak saihestu nahian, Bufo marinus apoa sartu zen --jatorriz Erdialdeko Amerikakoa eta Hego Amerikakoa-- XX. mendearen hasieran, kakalardoa kontrolatzeko asmoarekin. Damutzeko erabakia izan zen. Kontrolatu nahi zen kakalardoaren populazioan eraginik ez izateaz gain, zorigaitzekoa gertatu zen Australiako hainbat espezierentzako. Australiako anfibio natiboak harrapatzen zituzten animaliek ez zuten apo berri horren pozoiarekin koeboluzionatu, eta apoak hozkatzea edo jatea hilgarria zen askorentzako: katu martsupialen eta hainbat narrastiren populazioek murrizketa bortitza jasan dute arrazoi horrengatik. Bufo marinus ek hedatuz jarraitzen du Australian, batez ere mendebalderantz; gaur egun, Mendebaldeko Australiara heldu da (2.000 kilometroko bidaia eginda) eta ez dirudi oraingoz gerarazteko modurik dagoenik.

Zer ondorio izan ditzake belarjale handi horiek Australian sartzeak? Zer kalte egin lezakete elefante edo errinozeroek Australiako ekosisteman? Australian bertan sartutako beste espezie batekin gertatzen ari denak eman diezaguke pista.

XIX. menderen bukaeran eta XX.aren hasieran, milaka dromedario eta gamelu eraman zituzten Australiara: kondizio lehorretara moldatutako animalia horiek eginkizun garrantzitsua izan zuten kontinentea esploratzeko lanetan eta garraioan. Motorrezko ibilgailuak agertu eta trena hedatu zenean, ordea, gameluak erabiltzeari utzi egin zioten, eta gameluak aske gelditu ziren. Hasieran 20.000 aleko populazioa zena milioi bat ale inguruko populazioa izatera heldu da. Gaur egun, Australian bizi den belarjale handiena dugu. Haren dieta aztertu den tokietan, ikusi da, belarrez ez ezik, eskuragarri dituen landare-espezie guztiez ere elikatzen dela, zuhaitz eta zuhaixkak ere gogoz kimatuz. Gustuko dituzten landare-espezie batzuk han iraungi izanaren erantzule ere badira. Kondizio hezeetan, gameluek bazkatik lortzen dute ura, baina kondizio lehorretan edan beharra daukate: egarri den gamelu batek 200 litro ur edan ditzake hiru minutuan. Ur bila dabiltzala azpiegituretan egiten dituzten kalteek hainbat milioi euroren gastuak eragiten dituzte urtero, eta errepideetan ere arrisku bat dira, hainbat istripu eragiten baitute.

Nahiz eta asmo onenarekin eta garaiko ezagutza ekologiko hoberenarekin egin izan diren, kontrol ekologikoko esperientzia ugarik ondorio biologiko eta ekonomiko penagarriak izan dituzte. Nahiz eta ingeniaritza ekologikoak arrakasta handia izan duen kasu askotan, batez ere errestaurazio ekologikoan, badirudi oraindik ekosistemak manipulatzeko orduan ez dagoela bermatzerik ondorioak zein izango diren. Ekosistema sinpleena hartuta ere, bertako espezieen arteko erlazio zuzen eta zeharkako ugari eta konplexuak daude.

Gizakiaren gorputzaren osagaiak eta funtzionamendua ezagutzen hasi ginen arte medikuntzak aurrerapen handirik egin ez zuen bezala, ez gara gai izango ekosistemak manipulatzeko haiek osatzen dituzten espezieak eta haien arteko erlazioak ondo ulertu arte. Gaur egun informazioa biltzeko eta informazio hori tratatzeko erabiltzen diren metodo berriek horretan laguntzea espero da.

Habitata deuseztatzearen ondoren, espezie arrotz inbaditzaileak dira gaur egungo bioaniztasun-galeraren errudun handienak. Adibideetan ikusi dugun bezala, kontrol biologikorako erabili diren espezie asko inbaditzaile bihurtu dira, eta konpondu nahi zen arazoa baino are kalte handiagoak ekarri dituzte. Alde batetik, nahiko zaila iruditzen zait aurresatea (bat aipatzearren) elefanteek nolako eraginak izan ditzaketen ekosistema berri bateko landaredian. Eta, bestetik, modu kontrolatuan egitea proposatzen den arren... nola egiten da hori --ez dezagun ahaztu-- milaka kilometro karratuko eremuetan? Elefanteak Australiara eramatea egoera zail bati arazo berriak gehitzea dela pentsatzen dut. Eta gainera... nor ausartuko litzateke elefante inbaditzaileen kontra?

--> Eta gainera: Hondamen ekologikoen kronikak, Xanti Larrañagak gomendatutako liburuak

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia