Elefanteek ez dute gogoko chile piperra
2002/07/17 Elhuyar Zientzia
Afrikako hainbat herrialdetan elefantea babestutako espeziea da eta libre bizi da gizakiarekin batera. Baina, askotan, bien bideak gurutzatu eta arazoak sortzen dira. Oso ohikoa da elefanteak gizakiak landatutako lursailetara sartu eta guztia hondatzea.
Argi dagoenez, galerak izugarriak izan daitezke. Botswanan (Hego Afrika), esaterako, diru-laguntzak ematen zaizkie elefanteen eraginez lurrak hondatuta dituzten nekazariei. Baina arazoa hainbeste hazi da, ezen herrialde horretan urteko milioi bat dolar gastatzen baita diru-laguntzetan.
Elefanteak lursailetatik aldenduta mantentzeko metodo ugari probatu dira: zarata egiten duten tresnak zintzilikatu, zuloak egin, arantzadun hesiez inguratu, hormak eraiki... Baina batek ere ez du arazoa guztiz konpondu.
Orain, elefanteei kalte handirik eragin gabe, lursailetatik aldenduta mantenduko dituen metodo berria aurkeztu dute: chile piperra. Dirudienez, elefanteek ez dituzte batere gogoko chile piperraren hautsa eta hauts hori erretzean sortzen den ke mingotsa, eta hautsa edo landarea bera dagoen lekuetara hurbildu ere ez direla egiten ikusi dute adituek.
Beraz, azkenean metodo egokia topatu dutela uste dute, bai nekazariek eta bai adituek, batzuentzat merkea eta eraginkorra delako eta besteentzat elefantea aldentzea lortzen delako kalterik eragin gabe.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia