“Biologiaren erronka handiena garunaren funtzionamendua azaltzea da”
2016/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?
DNAren egitura argitzea eta, gero, DNA sekuentziatzea joan den mendeko biologiaren funtsezko aurrerapena izan da, zalantzarik gabe. Minbiziaren eta beste patologia batzuen oinarria ulertzeko gako izan da. Baina zientziaren aurrerapena teknologiarenarekin batera doa; horregatik, ezinbestekoak izan dira informatikaren garapena eta datu-kopuru handiak prozesatzeko gaitasuna. Hala ere, teknikoki nahikoa erraza den esperimentu bat nabarmenduko nuke nik; 1960an Gurdon doktoreak gaur egun “zelula ama” deitzen dugunarekin egin zuena, hain zuzen.
Larruazaleko zelula baten, hau da, bereizitako zelula baten nukleoa ernaldu gabeko obulu batera transplantatu zuen, eta hark organismo oso bat garatu zuen. Esperimentu harekin, Gurdonek erakutsi zuen bereizitako zelulen nukleoak organismo oso bat sortzeko informazioari eusten diola, edo, bestela esanda, organismo baten DNA zelula guztietan gordetzen dela, eta gene batzuen aktibazioak edo inhibizioak eragiten duela zelula mota batekoa edo bestekoa bilakatzea.
Esperimentu horrek eta klonazioan eta zelula amen ikerketan izan zuen eraginak Nobel Sarien akademiaren aitortza jaso zuten 2012an. Niretzat, joan den mendeko aurkikuntza garrantzitsuenetakoa da, eta, etorkizunean, zelula amen ikerketak eragin handia izango du medikuntza birsortzailean.
Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?
Biologiaren erronka handiena garunaren funtzionamendua azaltzea da. Lan hori amaituta ikustea gustatuko litzaidake, baina beldur naiz ezingo dugula lortu belaunaldi bakarrean. Gaur egun, erretina eta garuna konektatzen duten neuronak nola funtzionatzen duten ulertzen saiatzen ari gara. Hori ulertuko bagenu, itsutasuna eragiten duten gaixotasun batzuk sendatzea lortuko genuke, adibidez, glaukomak eragindakoa. Neurona-zirkuituen funtzionamendua ulertzeko pauso bat izango litzateke hori, eta aurkikuntza hori bai espero dudala ikustea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia