Eduki guztiak irekita webgunean
2013/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Apiriletik aurrera, Elhuyar aldizkariaren eduki guztiak hasieratik irekita egongo dira webgunean. Orain arte, azken bi hilabeteetako eduki batzuk osorik kontsultatzeko harpidedun izan beharra zegoen; hemendik aurrera, edonorentzat irekiak egongo dira hasieratik aldizkaria.elhuyar.org webgunean. Creative Commons lizentziapean dago Elhuyarren eduki guztia.
Aldaketak ez du inolako eraginik izango aldizkariaren harpidedunek webgunearen bidez jasotzen duten zerbitzuan, eta harpidedunek hainbat abantaila izaten jarraituko dute: etxean hilero aldizkaria jasotzeaz gain, webguneko harpidedunaren gunean aurkituko dituzte aldizkariaren edizio digitala, eta argitaratutako zenbakien PDFak deskargatzeko aukera. Gainera, Elhuyarrek argitaratutako produktuetan % 20ko deskontua jasoko dute. Apiriletik aurrera, harpidedun digitalek ere izango dute azken abantaila hori.
1.500 bat harpidedun ditu Elhuyar aldizkariak, horietatik 32 harpidedun digitalak, eta, guztira, harpidedunen % 53 alta emanda dago edizio digitalean.
Webgunea bide onean
Iaz atera zen Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren webgune berria, papereko aldizkarian egiten den lanari segida emateko asmoz. Webguneak 1985etik aurrera Elhuyar aldizkarian argitaratu diren milaka lan biltzen ditu, guztira 800 bat egilek idatziak.
Arrakastaz hasi du bere bidea webguneak. 2012an 22.000 bisitari izan zituen, eta 100.000 orrialdetik gora ikusi ziren. VI. Tecnalia kazetaritza-saria ere jaso zuen, Interneteko kategorian, “Itxaropen bioartifiziala” lanarekin. Lan zehatz bati emandakoa izanagatik, Elhuyar aldizkariak webgunean egiten duen lana aitortzen du sari horrek.