}

Elhuyar, etorkizunera begira

2005/05/01 Lopez Viña, Rakel - Marketin sailaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

2005ean garai berri bati eman diogu hasiera Elhuyar osatzen dugunok: Usurbilgo Osinalde industrialdean eraikin bat erosi eta eraberritu dugu. Eraikin berria maiatzaren 6an inauguratuko dugu. Zientzia dibulgatzaileekin, Elhuyarren bazkideekin, euskararen eragileekin batera egin nahi dugu aurrera aro berri honetan ere.

Donostiako ingeniari-talde batek sortu zuen Elhuyar 1972. urtean euskara eta zientziaren mundua uztartzeko xedearekin. Talde amateur haren helburua zientzia euskaraz gizarteratzea zen, eta haien lehenengo lanak itzulpen teknikoak egitea eta Elhuyar aldizkaria argitaratzea izan ziren. Hasierako borondatezko lan horiek profesionalizatzen joan ziren. Horregatik, 1981ean egoera berriari erantzuteko, taldeari izaera juridikoa ematea erabaki zuten: Elhuyar Kultur Elkartea sortu zen.

Azken urteetan Elhuyarren jarduerak are gehiago ugaritu eta profesionalizatu dira: I+G+B unitate bat sortu dugu eta hizkuntz ingeniaritzaren arloan sartu gara bete-betean; itzulpen teknikoak egiten ditugu; euskarazko hiztegi teknikoak, hiztegi elebakarrak eta hiztegi elebidunak argitaratzen dihardugu azkena, dictionnaire Elhuyar hiztegia , euskara-frantsesa/fran ais-basque ; eskola-materialak argitaratzen ditugu, eta CD-ROMak ere ekoizten ditugu ume eta gaztetxoentzako; zientzia dibulgatzeko hiru web gune kudeatzen ditugu, Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkaria argitaratzen dugu, irratsaio bat dugu Euskadi Irratian, eta Teknopolis saioa ekoizten dugu ETBrentzat; gainera, Saretek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren euskal sareko kide gara.

Jarduera horiei guztiei erantzuteko, langile-kopurua bikoiztu egin da bost urtean. 2002an, Fundazio bihurtu zen Elhuyar eta, orain, Usurbilgo industriagune batean eraikin bat erosi eta eraberritu dugu.

Egitura berrantolatu eta Elhuyar Fundazioaren menpeko bi sozietate sortu ditugu: Elhuyar Aholkularitza eta Eleka Ingeniaritza Linguistikoa. Elhuyar
Aholkularitzaren abiapuntua euskara normalizatzeko planak izan ziren, baina zerbitzu eta produktuen gama zabaldu egin dugu eta arlo guztietako aholkularitza eskaintzen dugu gaur egun. Bestalde, teknologia berrien arloan punta-puntako proiektuak gauzatu ahal izateko, Eleka enpresa sortu genuen EHUko IXA taldearekin batera. Elekaren jarduera nagusia infoingeniaritza linguistikoaren arloan dago; informazioren teknologiak erabiltzen dituzten enpresa eta erakundeei irtenbide berritzaileak eskaintzen dizkie jakintza kudeatzeko.

Pozik esan dezakegu duela 33 urte jaio zen amets hura, Elhuyar talde hura, errealitate sendoa dela gaur egun. Egoitza berriarekin, Elhuyarren etorkizunaren leihoa zabal-zabalik dugu, askoz azpiegitura hobea baitugu orain zientzia-dibulgazioan eta euskararen normalkuntzaren esparruetan ditugun proiektuak garatzen jarraitzeko.

Elhuyar Fundazioaren bazkideak

2002an Elhuyar fundazio bihurtu zenetik, pertsonei, enpresei eta erakunde publiko eta pribatuei gure proiektuan parte hartzeko aukera luzatu nahi izan diegu. Hala, gaur egun Elhuyar Fundazioak ia 200 bazkide partikularren laguntza izateaz gain, hainbat enpresa eta erakunde garrantzitsuren bermea eta laguntza jasotzen ditu: Batz, CAF, EITE, Eroski, Indar, Tecnalia, Tecnolat eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila eta Industria, Merkataritza eta Turismo Saila.