Elhuyar Fundazioa aurrera begira
2006/10/01 Aizpurua Arkauz, Izaro - Marketin sailaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Badira 34 urte Elhuyar Fundazioak zientzia, teknologia eta euskara uztartzeko lanari ekin ziola; gaur egun, euskara eta zientziaren arloan erreferente izan nahi du, definitu berri duen ikuspegian adierazten denez, eta, hori lortu ahal izateko, zientzia, teknologia eta euskararen uztarria berritu beharra dago. Berrikuntza, bezeroarekiko orientazioa, kalitateko kudeaketa-eredua eta produktu berrien garapena dira adostutako lau erronka estrategikoak, eta erronka horiek ezartzen dute, hain zuzen ere, hurrengo hiru urteetako norabidea.
Elhuyar Fundazioak berrikuntza hartu nahi du datozen urteetako oinarri gisa; horretarako, ahalegin berezia egingo du I+G+B garatzen, eta informazioaren eta komunikazioen teknologien alorrean gertatzen diren aurrerapenak aplikatzen. Gainera, produktu eta zerbitzuak berritu nahi ditu eta prozesuetan berritzaile izan, ideia berriak bideratzen dituen giroan lan eginez.
Bestalde, arreta handia jarriko zaio bezeroari, egungo gizartearen beharrak aseko dituzten produktu eta zerbitzuak eskaini eta garatzeko. Egitasmo horiek gauzatzeko, komunikazioan, konfiantzan, talde-lanean eta autonomian oinarritutako kudeaketa-eredu bati jarraituko dio Elhuyarrek.
Horrekin batera, ahalegin berezia egingo da hurrengo hiru urteetan Elhuyar Fundazioaren proiektura bazkide gehiago bil daitezen. Izan ere, Fundazioaren zutabe garrantzitsua dira bazkideak, eta haien babesa ezinbestekoa zaio datozen urteetarako finkatutako helburuak erdiesteko.
Elhuyar Fundazioaren plan estrategikoari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ikus www.elhuyar.org web gunea.