}

Elhuyar Fundazioak mugikorretarako aplikazio bat sortu du euskara ikasten hasteko

2011/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

elhuyar-fundazioak-mugikorretarako-aplikazio-bat-s
Moblang aplikazioa mugikor batean. Irudia: Elhuyar Fundazioa.

Gaztelaniadunek euskara mugikorraren bidez ikasten hasteko aplikazioa aurkeztu du Elhuyar Fundazioak. Moblang proiektu europarraren barruan sortutako aplikazioetako bat da, eta bi urte eman dituzte lanean parte hartu duten nazioarteko erakundeek.

Hizkuntza jakin baten oinarrizko bi mila hitz eta esaldi nola esaten diren irakasten dio aplikazioak erabiltzaileari. Izan ere, "hitzak ikastea da hizkuntza jakin bat ikasten hastean egin behar den lehenengo gauza, hizkuntza-ikasketaren teoria pedagogikoen arabera. Gero, hiztegi minimo bat menderatutakoan, hasten gara gramatika ikasten", dio Elhuyar Fundazioko Danel Solabarrietak.

Mugikorretan erabiltzeko aplikazio bat denez, "edozein unetan erabili ahal izango dute euskara ikasten hasi nahi dutenek modu erraz eta atseginean. Hain zuzen, egunean ezertarako erabiltzen ez ditugun denbora-tarte txikietan erabiltzeko pentsatuta dago aplikazioa, dentistaren kontsultan noiz deituko diguten zain gaudenean, esate baterako", adierazi du Solabarrietak. Multimedia-aplikazio bat denez, gainera, "hasieran ikasi behar diren bi mila esaldi horiek memorizatzen laguntzen du, audio, irudi eta ariketen bitartez testu hutsarekin baino azkarrago ikasten da eta".

Euskaraz gain, "albaniera, grekera, turkiera eta gaelikoa ikasteko aplikazioak sortu ditugu", adierazi du Yiannis Laourisek, Zipreko Neurozientzia eta Teknologia Institutuko zuzendariak (proiektuaren burua), "baina beste edozein hizkuntzatara egokitu daiteke" dio. Euskarazko aplikazioaren ardura Elhuyar Fundazioarena izan da.

Oraingoz, Java aplikazioak exekutatzen eta mikro SD txartelak hartzen dituzten mugikorretarako egongo dira erabilgarri. Asmoa dute, dena den, aplikazioak iPhone, Android eta bestelako smartphonetarako moldatzeko.