}

Elhuyar Zientzia Azoka bideo-lehiaketaren sariak banatu dira

2020/12/18 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Bideo-lehiaketaren lehenengo edizio honetan, 240 gaztek parte hartu dute, eta 80 lanetik gora jaso dira. Aurkeztutako lan guztiak Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude ikusgai.
elhuyar-zientzia-azoka-bideo-lehiaketaren-sariak-b

Elhuyar Zientzia Azokaren 2019-2020 ekitaldiko ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak aurkezteko bultzatutako bideo-lehiaketaren lehen edizioaren sari-banaketa egin da gaur, abenduak 18.

Bilboko Zabalgunean izan da sari-banaketaren ekitaldia, eta aukera izan da streaming bidez zuzenean ikusteko. Maitane Alonso Monasteriok eta Eleder magoak aurkeztu dute ekitaldia; biak dira Elhuyar Zientzia Azokako partaide ohiak. Azaldu dutenez, guztira 241 gaztek hartu dute parte bideo-lehiaketan, 160 neskak eta 81 mutilek. Eskolako zein eskolaz kanpoko lanak jaso dira: guztira, 81; 55 euskaraz, 20 gaztelaniaz eta 6 ingelesez.

Adinaren araberako hiru kategoriatan bereizi da sariketa, eta hala banatu dituzte sariak Elhuyar Zientzia Azokako babesleek. Futuroscope parkerako bidaia bana eskuratu dute irabazleek:

  • DBH 1-2ko kategoria: “Lurreko mikrobioen ikerketa metodo zientifikoarekin” lanak jaso du saria.
    • Egileak: Nora Saiz Guijarro, Ixone Nogales Martinez eta Eire Martín Vázquez.
    • Edukia: "Metodo zientifikoa erabiliz, lurreko mikrobioak ikertu dituzte, eta argitu dute ea komeni den lurrera eroritako ogi-xerrak jatea. Horretarako, laborategian denbora-tarte desberdinetan lurrarekin kontaktuan egon diren ogi-xerrak aztertu dituzte".
    • Ebaluatzaile-taldearen balorazioa: lanaren planteamendu egokia eta bideoaren osotasuna azpimarratu ditu, erabilitako kontakizun dibulgatiboarekin batera. Koldo Narbaiza Olaskoaga Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak eman du saria.
  • DBH 3-4ko kategoria: “Batera ahal dugu!” lanak irabazi du saria.
    • Egileak: Leire Gallego Miranda, Elene Cascán Asporosa eta Maria Zarrabeitia Mendez.
    • Edukia: "Feminismoaren inguruko jolas bat sortu dute, lehen hezkuntzako gazteen artean kontzientziazio-lana egiteko helburuarekin. Jakintza-mailaren arabera egokitu dute jokoa ikasmaila bakoitzera. Jokoa probatu eta sexuaren, adinaren eta galdera-motaren araberako ondorioak atera dituzte. Besteak beste, neskek mutilek baino interes handiagoa erakutsi dute feminismoaren jokoan".
    • Ebaluatzaile-taldearen balorazioa: azpimarratu du gaurkotasun handiko gaia aukeratu dutela eta adin-tarte ezberdinetarako ondo egokitutako dibulgazioa egin dutela. Joseba Mariezkurrena Cuesta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendariak eman du saria.
  • BATX 1-2ko kategoria: DEEPFAKE: Las apariencias engañan” lanak irabazi du saria.
    • Egileak: Unai García López, Alex Bouza Guerreiro, Mikel González Garmendia eta Eneko Mosquero Gómez.
    • Edukia: "Adimen artifiziala eta algoritmoak erabiliz bideoetako pertsonen aurpegiak aldatzeko gai den Deepfake teknologiaren inguruan aritu dira. Azken urteetan ezagunak egin diren hainbat kasu gogora ekartzearekin batera, fenomeno horren atzean dagoen teknologia nola sortzen den azaldu dute. Are gehiago, eurek ere erabili dute Deepfake-a aurkeztutako bideoan".
    • Ebaluatzaile-taldearen balorazioa: adierazi du oso gai berritzailea aukeratu dutela. Gaineratu du oso modu profesionalean ekoitzi dutela lana, eta ondo landutako gidoia eta efektu egokiak izan dituela. Begoña Pedrosa Lobato Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak eman du saria.

Elhuyar Zientzia Azoka bideo-lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude ikusgai.

2020-2021eko Elhuyar Zientzia Azoka martxan

Urtarrilaren 1ean irekiko da 2020-2021 ikasturteko Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea. Egoera dela eta, prozesu osoan edizio birtuala izango dela aurreikusi da. Dena dela, egoerak ahalbidetzen badu, 2021eko maiatzean, azoka presentziala egingo da Bilbon.

Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzeko informazioa eta aurretiko izena emateko formularioa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia