Elhuyar Zientziak parte hartuko du Natur Zientzien 2. Topaketan
2015/11/27 Elhuyar Zientzia
UEUren Natur Zientzien sailak antolatuta, Natur Zientzien II. Topaketa ospatuko da 2015eko azaroaren 28an eta 29an, Donostian.
Antolatzaileen arabera, "norberak egiten duen lana gainerakoei azaltzeko eta ingurukoek egiten duten lana ezagutzeko aukera" ematen dute topaketek. Besteak beste, Euskal Herriko naturan eta zientzian eragin zuzena duten hainbat gairen inguruko hitzaldiak izango dira; taldeek, elkarteek eta erakundeek posterrak erakutsiko dituzte, eta mahai-inguru bat ere izango da.
"Komunikabideak zientzian, zientzia komunikabideetan" da mahai-inguruaren izenburua, eta, Teknopolis saioaren zuzendari eta Elhuyar Zientziako kide Bego Zubiak parte hartuko du, Urko Aristi, Miren Bego Urrutia eta Jakoba Errekondorekin batera. Mahai-inguruan zientziaren eta komunikabideen arteko harremanak landuko dituzte, eta era honetako galderei erantzunak bilatzen saiatuko dira: egokia al da komunikabide publikoek zientziari eskaintzen dioten programazioaren zatia; komunikabideetako langileek ba al dute informazio zientifikoaren berri emateko besteko oinarririk; zientzialariak gai al dira euren lana jendeak ulertzeko eta balioesteko moduan gizarteratzeko...
Topaketen amaieran sari-banaketa bat ere izango da, eta Elhuyar aldizkariak eskainiko du sarietako bat. Horrez gain, Elhuyar Zientziaren produktuak eskuragarri izango dira Topaketak iraun bitartean.