}

Elhuyarrek eta Kutxa Fundazioak hitzarmena sinatu dute Gipuzkoan 'Elhuyar Zientzia Azoka' antolatzeko

2023/02/06 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Elhuyarrek eta Kutxa Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horri esker, eta Gipuzkoako ikastetxeen parte hartzearekin, Elhuyar Zientzia Azoka-STEAM Gipuzkoa azoka antolatuko da, lehen aldiz, 2023ko maiatzaren 6an, Tolosan.

elhuyarrek-eta-kutxa-fundazioak-hitzarmena-sinatu

 

Elhuyarrek eta Kutxa Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Elhuyarrek antolatzen duen Elhuyar Zientzia Azokarekin bat egiteko.

Elhuyarren helburuetan daude zientzia eta teknologiaren gizarteratzea eta hezkuntza, eta, horien barruan, STEAM hezkuntzan (Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics) gazteen zientzia- eta teknologia-hezkuntzako konpetentziak eta XXI. mendeko gaitasunak garatzeko ekimenak sortzen ditu.

Kutxa Fundazioaren estrategia da Gipuzkoan hezkuntza-komunitateari ikaskuntza-aukera berriak sustatzen laguntzea. Bere estrategiaren barnean, Gaitasunen Garapena lan-lerrotik, eta STEAMatzen programaren barnean, ikasleekin STEAM ikuspegi pedagogikoa izango duten proiektuak garatzea sustatuko du. Gazteen (emakumezkoak nabarmenduz) zientzia- eta teknologia-formakuntzan, gaitasunak garatzea eta ahalduntzea eta STEAMen “A” barnean lantzen diren pentsamendu-moldeak eta edukiak txertatzea ditu helburu.

Bi erakundeen helburu eta estrategiak batuta, hauek dira lankidetzaren xedeak: gazteen zientzia-bokazioa bultzatzea, jendartean zientzia-kultura sustatzea eta zientzia hedatzeko tresna izatea.

Elhuyar Zientzia Azoka-STEAM Gipuzkoa izena hartuko du zientzia-azoka horrek, eta Tolosan egingo da lehen aldiz, maiatzaren 6an, Tolosako Udalaren laguntzarekin.

 

 

Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euroeskualdearen, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología,  Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa), Kutxa Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia