Elhuyarrek hainbat ikastetxetako gazteak elkartu ditu Beasainen jasangarritasunaren inguruan hausnarketa egiteko
2024/04/12 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)
Honako ikerketak egin dituzte Beasainen elkartu diren gazteek:
- Txindoki BHIko gazteek, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako “Materialak eta teknologiak” ikerketa-taldearekin batera “Material berriztagarriak: artilea” proiektua egin dute. Bertan, artilea hondakin izatetik material berriztagarri izan daitekeen aztertu dute, besteak beste eraikuntzan erabiltzeko.
- La Salle Beasain institutuko gazteek, “Airearen kalitatea fitoarakatzen” proiektua egin dute Agrobiologiako Institutua / IDAB – CSIC-ko “Nekazaritza jasangarria eta biomonitorizazioa” ikerketa-taldearekin. Landareen bidez euren inguruko airearen kalitatea nolakoa den ikusi dute.
- Hernani BHI-ko gazteek, sugandilak behatu dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia arloko ikertzaileekin batera.
Beasainen bildutako gazteez gain, ikasturte honetan zehar, Gipuzkoako 500dik gora gaztek parte hartu dute ikerketa errealetan. Prozesu horretan ikertzaileen laguntza izan dute. Honi esker edukietan sakondu dute eta ikerketa mundua gertutik ezagutu dute. Ikasturte amaieran, Elhuyar Zientzia Azokan aurkeztuko dituzte proiektuak.
Proiektu hauek Elhuyarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntzarekin kaleratutako “Jasangarritasunerako ikerketak, gazteak inspiratzeko” liburuxka-n bilduta daude. Hezkuntza eta ikerketa arloko profesionalen arteko emaitza da liburuxka eta jasangarritasuna eta ingurumen-larrialdia gelan lantzeko ideia gakoak aurkeztearekin batera, ikertzaileek proposatutako 20 proiektu inspiragarri daude.
Beasaingo gazteen topaketako argazki guztiak: argazkiak
Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia