Elhuyarren Munduko eta Euskal Herriko Atlasa kalean
2006/09/01 Solabarrieta Arrizabalaga, Danel - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Atlasa hezkuntzako material osagarri berebizikoa da, ikasleek beti eskura eduki behar izaten dutena. Hori dela eta, Elhuyar Fundazioaren atlasa Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat pentsatuta dago. Mapa geografiko eta politiko eguneratuez gain, ikasleentzat baliagarriak diren gaikako mapak eta datuak biltzen ditu. Hala ere, oso egokia izan daiteke geografia gustuko duen edonorentzat.
Eguneratzeak
Atlas berri hau guztiz eguneratuta dago. Alde batetik, 2006ko abuztuan zientzialariek erabakitako planeten definizioa eta eguzki-sistemaren antolamendu berria jasotzen ditu; besteak beste, Pluton ez dela planeta. Bestetik, azken urteetan munduan izan diren aldaketa politiko nagusien berri (Montenegro, Ekialdeko Timor...) eta azken urteetako gertaera sozioekonomikoen eta demografikoen berri ematen du: munduko biztanleak, munduko herrialde eta hiri aberatsenak, Euskal Herriko hainbat datu... Eta, eguneratzeekin bukatzeko, kontuan hartzen ditu Euskaltzaindiak orain arte emandako Euskal Herriko zein munduko toponimoen euskarazko izenak, eta horiei buruzko arauak eta iradokizunak.
Gaikako mapak
Eguneratua egotez gain, atlas honek ikasleei baliagarri gerta dakizkiekeen hainbat gaikako mapa eta datu ditu. Mundu mailan, adibidez, gai hauekin lotutako mapak aurki daitezke: plaken tektonika, klima, munduko petrolio-erreserba eta industriagune nagusiak, populazioaren banaketa eta migrazioak, hiri populatuenak, herrialde aberatsenak eta erlijioak.
Euskal Herriari dagokionez, berriz, gaikako mapa hauek ditu, besteak beste: Euskal Herriko eskualdeak, Euskal Herriko biztanleria, klima eta landaredia, euskararen bilakaera egoera eta euskalkiak. Europako Batasunaren mapa, Espainia eta Frantziaren mapa fisikoa eta politikoa, bi herrialde horien gaikako mapa batzuk, unibertsoari eta eguzki-sistemari buruzko informazioa eta beste hainbat kontu ere bada lan honetan.