Elhuyarren STEAM tailer eta hitzaldietan 618 gaztek parte hartu dute aurten
2023/12/22 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)
Zientzia- eta teknologia-tailerrez gain, pentsamendu kritikoaren inguruko hitzaldiak eman ditu 2023an Elhuyarrek Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan.
Elhuyarren STEAM tailerrak Gasteizen, Barrundian, Tolosan eta Arrigorriagan egin dira, guztiak aisialdi-guneetan. 7-15 urte bitarteko 139 gaztek hartu dute parte, eta haietatik % 44 neskak izan dira. Tailer horiei esker, zientzia eta teknologiako edukiak landu dituzte aisialdian. Horrek garrantzi handia du; izan ere, ikerketek erakusten dute aisialdian zientzia- eta teknologia-jardueretan parte hartzen duten gazteek joera handiagoa izango dutela etorkizunean arlo horietako ikasketak hautatzeko. Jolas eta esperimentu bidez, denetariko gaiak landu dituzte: kimika, fisika, matematika, sukaldaritza, anatomia, ingeniaritza, astronomia… Gainera, tailer-emaile guztiak emakumeak izan dira, zientzia- eta teknologia-arloetako profesionalekiko dauden estereotipoak apurtu eta erreferente errealak gazteei hurbiltzeko.
Pentsamendu kritikoaren inguruko hitzaldiak, berriz, Ordiziako Goierri ikastetxean eta Mondragon Unibertsitatearen Bilbo, Irun eta Oñatiko egoitzetan eman dira. Guztira, 16-20 urte bitarteko 479 gaztek hartu dute parte, eta haietatik % 55 neskak izan dira. Hitzaldi horietan, iristen zaizkigun informazio faltsuak eta jarrera negazionistak identifikatzeko dinamikak landu dituzte.
2024an, STEAM tailer eta hitzaldi gehiago
Urte berria heltzear den honetan, Elhuyarrek STEAM tailer eta hitzaldi gehiago eskainiko ditu. Guztira, 20 tailer baino gehiagoko katalogoa prestatu du 6 urtetik gorako gazte eta nerabeentzat, aisialdi-guneetan egiteko. Kultura-etxe, gaztegune edota liburutegietan ez ezik, herriko festetan ere egin daitezke.
- Haur eta nerabeentzako ginkana zientifikoan, herrian zehar aurkitu beharko dituzte partaideek aztarnak. Gainera, 12 urtetik gorako neska-mutilen kasuan, mugikor bidez egiteko ginkana ere badago.
- “Dinosauroen itzulera” izeneko abentura zientifikoa 6-10 urte bitarteko gazteentzako ihes-gela bat da. Zientzia-esperimentu batzuk egin beharko dituzte jolasaren bukaerara iritsi eta kutxan dagoen sekretua argitzeko.
- Bestalde, STEAM tailer tematikoak daude, saio bakarrekoak zein ugaritakoak, gai zehatz batzuetako edukiak lantzeko: Sukalde-zientzia, STEAM Challenge, Esperimentu likatsuak, Kriptografia eta kode sekretuak, Kriminologia, Kimika, Ingeniaritza, Anatomia, Argiarekin jolasean …
Udal edo ikastetxe/unibertsitate batek informazioa jaso nahi badu Elhuyarrek antolatutako pentsamendu kritikoaren inguruko hitzaldiei edota STEAM tailerrei buruz, jar dadila harremanetan Elhuyarren STEAM Hezkuntza arloarekin:
- Arduraduna: Joseba Aldasoro Galan
- Harremanetarako helbide elektronikoa: j.aldasoro@elhuyar.eus
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia