}

Emakume gutxiegi esperimentuetan

2009/06/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Cancer aldizkari espezializatuan argitaratutako artikulu batek piztu du eztabaida oraingoan. Izan ere, artikuluaren egileak, Reshma Jagsi izeneko onkologo batek, agerian utzi du minbiziaren aurkako tratamenduak probatzeko esperimentuetan behar baino emakumezko gutxiagok parte hartzen dutela.

Datuak garbiak dira, eztabaidaezinak. Hala ere, era askotako iritziak eragin dituzte. Batzuen ustez, normala da gizonezkoen aldean emakumezko gutxiagok parte hartzea halako esperimentuetan; normala eta komenigarria; hartara, izan ditzaketen kalteetatik babesten dira. Izan ere, haien ustez, albo-ondorio gehiago eta larriagoak izan ditzakete emakumezkoek. Gainera, kontuan izan behar da esperimentuak irauten duen bitartean emakumezko batzuk haurdun gera daitezkeela; kasu horietan, tratamenduak fetuari eragiteko arriskua ere badago.

Reshma Jagsi onkologoak salatu du saio klinikoetan behar baino emakumezko gutxiagok parte hartzen dutela.
(Argazkia: Michigango Unibertsitatea)

Halako argudioak ez dira berriak. Are gehiago, arrazoi horiexengatik, lehen, emakumezkoek ez zuten parte hartzen botiken proba klinikoetan. Haiek babestearren . Gerora, ordea, kalterako zela ikusi zuten. Adibide ezagunena talidominaren kasua da. Talidomida 1958. urtean merkaturatu zuten, loezina eta antsietatea tratatzeko. Haurdun zeuden emakumeek ere hartzen zuten, haurdunaldiak eragindako ondoezak arintzeko. Ez zekiten substantzia horrek umekian malformazioak eragiten zituela, eta malformazioren bat zuten milaka haur jaio ziren.

Geroztik, emakumezkoak ere aintzat hartzen dira esperimentuetan. Hala frogatu dute, esaterako, aspirinak ez duela eragin bera gizonezkoetan eta emakumezkoetan. 1982. urtean egindako ikerketa batean frogatu zuten egunero aspirina-dosi bat hartuta % 44 jaisten zela bihotzekoa izateko arriskua. Ikerketa hark 5 urte iraun zuen, eta mundu osoko 20.000 medikuk parte hartu zuten. Haiek zuzendutako saio klinikoetako boluntario guztiak gizonezkoak ziren.

Handik hogei urtera, 2005ean, berriro egin zuten ikerketa, 40.000 emakumezko osasuntsurekin. Eta ikusi zuten aspirinak ez diela berdin eragiten emakumezkoei; zehazki, menopausiaren aurretik, aspirinak ez du inolako eragin babeslerik, bai, ordea, menopausiaren ondoren.

Horrenbestez, teorian, aztertzen ari diren gaixotasunak populazioan duen eraginarekiko proportzionala izan beharko luke esperimentuetan parte hartzen duten emakumezkoen kopuruak, eta hori gomendatzen dute osasun-erakundeek. Baina gomendioak ez dira arau bihurtu, eta, praktikan, talidomidarena gertatu zenetik hamarkada batzuk igaro badira ere, behar baino emakumezko gutxiagok parte hartzen dute proba klinikoetan.

Behar baino heren bat gutxiago

Reshma Jagsi Michigango Unibertsitateko onkologoa da, eta, bularreko minbiziaren aurkako tratamenduak ikertzen dituenez, bere esperimentuetan parte hartzen duten ia guztiak emakumezkoak dira. Beste minbizien ikerketetan zer gertatzen zen aztertzea bururatu zitzaion. Hala, zazpi minbizi-motari erreparatu zien, eta ikusi zuen haietatik seitan emakumezko gutxiegi zeudela, askotan, behar baino heren bat gutxiago. Adibidez, birikako minbizi-kasuen % 45 emakumezkoetan dira, baina saio klinikoetan parte-hartzaileen % 31 baino ez ziren.

Eta bereizketa ez da parte-hartzaileen kopuruan bakarrik gertatzen. Esate baterako, botika batzuk emaitza hobeak dituzte emakumezkoetan gizonezkoetan baino, baina halakoak ez dira kontuan hartzen. Jagsiren esanean, emakumezkoetan gertatzen dena "estandarraren desbideratzea" balitz bezala hartzen da, eta ez da ikertzen.

Bestalde, batzuetan, gizonezko baino emakumezko gutxiago eskaintzen dira boluntario izateko; hori zergatik gertatzen den aztertzea proposatzen du Jagsik. Izan ere, haurrak dituzten emakumezkoek zailtasun praktikoak izan ditzaketela susmatzen du (norekin utzi haurrak bitartean, nola antolatu...). Eragozpen horiek gainditzeko laguntzak ematea egokia litzatekeela iruditzen zaio Jagsiri.

Ikusteko dago Jagsiren azterketak eragina izango duen proba klinikoen parte-hartzean. Oraingoz, behintzat, eztabaida berpiztu du.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia