}

Emakumeak zientzian

2002/03/10 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Martxoaren 8a pasatu berria dela eta, emakumeak hainbat arlotan zenbateko presentzia duen aipagai izan da agintarien hitzetan, eta baita komunikabideetan ere. Zoritxarrez inor harrituko ez duten datuak izan diren arren, gai horri helduko diogu, betiere zientzia eta teknologia arloan.

Martxoaren 8a hurbildu ahala, besteak beste, emakumeek lan-merkatuan duten presentziaz hainbat aipamen eta datu plazaratzen dira. Gainera, urtetik urtera egoera aldatu egiten dela esaten bada ere, egia esan, urtetik urtera salaketa berak entzuten dira. Eta zientzia eta teknologia arloa ez da salbuespen.

Gehienetan, laborategietan laguntzaile gisa aritzen dira emakumeak.

Hala ere, Estatu Batuetan eta Europan, 1981etik eta 1999tik, hurrenez hurren, emakumeen presentzia neurtu eta bultzatzeko ekimenak jarri dira abian, eta horri esker azken urteetako eboluzioa zein den jakin da.

Emakumeen presentzia neurtzea, lehen pausoa

Esan bezala, emakumezkoen lekua ezagutu nahian, Estatu Batuetan 1981etik hartu da kontuan estatistiketan generoa. Datu horiek National Science Foundation erakundeak batzen ditu, eta maiztasun jakin batekin jakinarazten du Kongresuan emakumezkoek zientzia eta teknologia arloko zenbat postu betetzen dituzten.

Datu horien arabera, zientzia-ikasketak amaitzen dituzten gizonezko zein emakumezkoek proportzio bertsuetan aurkitzen dute lana industria sektorean. Esaterako, fisika-ikasketak egindako emakumezko zein gizonezkoen erdiak, gutxi gorabehera, industria arloan aurkitzen du lana. Aldiz, gizonezko gehiago kontratatzen da komertzioan —gizonezko zientzialarien % 67 eta emakumezko zientzialarien % 49—. Irakaskuntzan, berriz, gizonezko baino emazte gehiago ari da lanean. Dena dela, desberdintasunak lan sektoreetan baino gehiago nabarmentzen dira ikasketetan. Izan ere, emakumezko ingeniari edo fisikari gutxiago dago gizonezkoak baino.

Europan askoz geroago hasi ziren emakumezkoen presentzia neurtu eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzeko lanean. 1999an, "Europako Batasunean: guztien onerako, gizonezko eta emakumezkoen berdintasuna sustatu" izenburua duen txostena aurkeztu zen zientzia-politikarako batzordean. Txosten horretan argi eta garbi agertzen zen unibertsitateko arlo guztietan emakume-kopurua urtetik urtera jaitsi egiten dela. Horren ondorioz, zientziak gaitasun handiko jendeak galtzen dituela nabarmentzen zen.

Lanpostuen banaketari dagokionez, desoreka nagusia goi-karguetan dago. Izan ere, emakumeek postu horien % 10 baino gutxiago betetzen dituzte, nahiz diploma unibertsitariodunen erdiak emakumezkoak izan. Nancy Lane zelula-biologoaren hitzetan, "Erresuma Batuan zientziako adar guztietan eta ingeniaritza zein teknologia arloetan, emakumezkoen presentzia % 3-4koa besterik ez da". Gainerako herrialdeetan ere kopuruak antzekoak dira. Haren aburuz, "aurrerapausoak ematen dira, baina ohiturek denbora asko behar dute aldatzeko". Europako txostenak nabarmendu du oraindik ere diskriminatu egiten dela emakumea goi-mailako postuak izendatzeko orduan.

Mari Curiek bi Nobel sari jaso zituen: lehena 1903an, erradiazioaren inguruan egindako lanagatik, eta bigarrena, 1911n, radioa isolatzeagatik.

Bestalde, ezin aipatu gabe utzi herrialde askotan, oraindik ere, emakumezkoek ez dutela ikasteko eskubiderik eta, beraz, ezinezkoa zaiela zientzia-arloan zein gainerakoetan lanean hasi eta desoreka haustea.

Eragileak eta ondorioak

Estatu Batuetako zein Europako txostenek desoreka horren eragile eta ondorio bertsuak nabarmentzen dituzte. Hilabete-sariari dagokionez, diferentzia handiak daude bai Estatu Batuetan eta bai Europan. 1997an emakume zientzialari edo ingeniarien batez besteko hilabete-saria 47.000 dolarrekoa zen (58.750 euro), hau da, gizonezkoena baino % 20 inguru gutxiagokoa (58.000 dolar edo 72.000 euro irabazten dute). Diferentzia horren arrazoi nagusiak bi omen dira: emakumezkoak hezkuntzara eta gizarte-zientzietara gehiago bideratzea eta goi karguetara ez heltzea. Gainera, ikasketak bost urtean amaitzen dituzten ikasleen artean ere emakumezkoek gizonezkoen hilabete-sariaren % 83 baizik ez dute irabazten.

Arlo batzuetan diferentzia horiek beste batzuetan baino nabariagoak dira. Informatika eta matematika arloetan, esaterako, emakumezkoek gizonezkoek baino % 12 gutxiago irabazten dute eta, aldiz, gizarte-zientzietan diferentzia % 24koa izatera hel daiteke. Gizonezkoek bezala, emakumezkoek ere informatika arloan irabazten dute gehien eta gutxien, berriz, bizitza-zientzietan.

Zientziako adar guztietan emakumezkoen presentzia % 3-4koa besterik ez da.

Bestalde, Europan ikerketak egiteko banatzen diren beka gehienak haur gabeko ezkongabeei zuzenduta daude eta horrek ama guztiei ikerketarako ateak ixten dizkiela salatu du Europako txostenak.

Azkenik, denbora luze bateko etenaldiaren ondoren (amatasun-baja hartu ondoren esaterako) berriz ere ikerketa-taldean integratzeko zailtasunak izaten dituztela aipatzen da txostenean. Ikerketa-zentroetan material teknologiko berria maiz sartzen dutelako gertatzen omen da hori.

Ondorioz, zientzian gizonezkoak oraindik ere arlo guztietan nagusi dira. Goi-kargu gehienak betetzen dituztenez, medioetan gizonezkoak aipatzen dira gehien, eta gizarteak uste du zientzia- eta teknologia-ikerketak gizonezkoen lana direla. Gainera, emakumeek oso gutxi hartzen dute parte zientzia-politikan. Europako Batasuneko eta herrialde kideetako lehentasunak finkatzen dituzten batzordeak gizonezkoek osatzen dituzte eta, beraz, gainerako lan-merkatuetan bezala, zientzian ere emakumezkoen presentzia gizonezkoenarekin parekatzeko denbora beharko da.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia