Emakumezkoak hiesetik babesteko eraztuna, pertsonetan probatzeko prest
2013/09/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Estatu Batuetako Alergiaren eta Gaixotasun Infekziosoen Institutuak aurreratu duenez, hiesetik babesteko bagina barneko eraztun eraginkor, seguru eta fidagarri bat garatu dute, eta laster hasiko dira probatzen emakumezkoetan. Makakoetan % 100 eraginkorra dela frogatu dute, eta PNAS zientzia-aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Aurretik egindako beste ikerketa batzuek erakutsi dute hiesaren birusaren aurkako botikak baliagarriak izan daitezkeela infekzioa eragozteko. Hortaz, kondoia erabiltzea onartzen ez den lekuetan, aukera ona izan daitezke. Baina orain arte ez dute metodo aproposik topatu botika horiek hartzeko. Pilulak, adibidez, egunero eta dosi handitan hartu behar dira; baginako gelak, berriz, justu koitoaren aurretik eman behar dira, eta askok zailtasunak izaten dituzte horretarako.
PNASek argitaratutako ikerketan parte hartu duten ikertzaileek hamar urte eman dituzte irtenbide egokia bilatzen. Azkenean, bagina barnean tenofovir antibirala askatzen duen eraztun bat garatu dute. Tenofovirra ohikoa da hiesaren tratamenduan, baina pilula gisa hartzen da, eta orain arte ez zen begiratu eraginkorra ote zen erabilera topikoan. Makakoekin egindako probetan erabat eraginkorra dela ikusi dute: % 100 babesten du hiesetik, hilabeteko iraupena du, eta hilekoaren ziklora egokitzen da.
Hurrengo pausoa, beraz, pertsonetan probatzea da. Ikertzaileek adierazi dutenez, lehen probak 60 emakumezkorekin egingo dituzte, New Yorken, Albert Einstein Medikuntza Fakultatean. Emakumezkoetan ere eraztuna segurua dela eta dosi egokia askatzen duela ikertzea da esperimentuaren helburu nagusia.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia