}

Emaztea kapelarekin nahasi zuen gizona

2008/12/07 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Berehala argitaratuko da Oliver Sacksen The man who mistook his wife for a hat nobela ezagunaren euskarazko bertsioa, baina hau ez da liburuaren kritika bat, noski. Liburu horren harira, ordea, protagonistak pairatzen duen asaldurari egingo diogu tira. Izan ere, bere kapela bilatzen ari dela emaztearen buruari tira egin eta buru gainean jartzen saiatzen da. Nobelaren protagonistak prosopagnosia izeneko asaldura neurologikoa du.

Bada kapela bat zelakoan emaztearen burua buru gainean jartzen saiatu zen gizon bat.
Mary R. Vogt/morgueFile

Prosopagnosia aurpegien pertzepzioaren eten selektiboa da. Hau da, norberaren aurpegia edo beste batzuena ikusi egiten dira, baina ez dira ezagutzen, eta, beraz, pertsona horiek aurpegiaren bitartez identifikatzeko gaitasuna galtzen da.

Aurretik ezaguna bazen ere, lehen kasua XX. mendearen erdialdera dokumentatu zen, Bigarren Mundu Gerran. Militar alemaniar batek, buruan izandako zauri baten ondoren, aurpegiak identifikatzeko gaitasuna galdu zuela ikusi zuten medikuek. Horregatik, hasieran, buruko traumatismoak identifikatu ziren prosopagnosiaren kausa gisa. Ikerketan aurrera egin ahala, ikusi dute badirela jaiotzetik gaixotasuna pairatzen dutenak ere.

Asaldura hori pairatzen dutenek inguruko pertsonak gogoratzen dituzte; gai dira haien ilearen eta azalaren kolorea, usaina, ahotsa eta abar gogoratzeko. Baina aurpegia bakarrik erakutsiz gero ez dute pertsona identifikatzen, nahiz eta gurasoak, anai-arrebak edo bikotekidea izan. Hau da, pertsona horren beste zenbait ezaugarriz gogora daitezke, baina ezin dute haren aurpegia ikusi eta ulertu. Biztanleriaren oso zati txikiak pairatzen du asaldura hori (% 2,5) eta, horregatik, oso berandu interesatu ziren ikertzaileak eta laborategiak horren ikerketan. Horien arabera, prosopagnosia lobulu tenporalean gertatzen den akats baten ondorio izan daiteke.

Interneten eragina

Prosopagnosia duten pertsonak ez dira gai beren aurpegia edo beste batzuena identifikatzeko.
Charmain Eswart/morgueFile

Internetek espero ez zen bultzada eman zion prosopagnosiaren ikerketari. Gizon batek jasaten zuen arazoa sarean kontatu zuen, norbaitek argibideren bat emango zion itxaropenarekin. Segituan, adituen eta gaixo gehiagoren arteko elkartze-puntu bihurtu zen Internet, eta, laster, eguneroko prentsaren nahiz prentsa espezializatuaren arreta lortu zuten.

Gaixoentzat berri pozgarria izan da MITek (Massachusettseko Teknologia Institutua) prosopagnosia ikertzeko agertu duen interesa. Institutuko ikertzaileek uste dute sindromea ikertzea garrantzitsua izango dela adimen artifizialaren alorrean aurrerapausoak emateko, makinek pertsonak identifikatzeko gaitasuna izan dezaten, hain zuzen.

Capgras sindromea

Gaixo horiek ez dituzte aurpegiak ulertzen.
Artxibokoa

Prosopagnosiaren ikerketak beste sindrome baten lehen zantzuak eman ditu: Capgras sindromea pairatzen duten pertsonak konbentzituta daude beren inguruko pertsona bat —bikotekidea, gurasoak edo seme-alabaren bat, adibidez— iruzurti batek ordeztu duela, eta ikusten duten pertsona hori ez dela benetan esaten duen pertsona.

Lehen kasua Capgras eta Reboul-Lachaux psikiatra frantsesek dokumentatu zuten 1923an, eta lehenari zor dio izena sindromeak, haiek L’ illusion des sosies —ordezkoen irudipena— izena jarri bazioten ere. Senarra eta beste senitarteko batzuk iruzurtiak zirela eta benetakoen lekuak hartu zituztela baieztatzen zuen emakume baten kasua dokumentatu zuten ikertzaile haiek.

Duela gutxi, Capgras sindromea baino pauso bat aurrerago doan beste sindrome bat identifikatu dute Ian eta Joel Gold psikiatra kanadarrek: The Truman Show sindromea. Gaixo horiek uste dute beren inguruko pertsona guztiak ikuskizun baten partaide direla, eta norbera dela protagonista. Jim Carrey-ri izen bereko filmean gertatzen zitzaion gauza bera, alegia.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia