}

Passion for Knowledge - Quantum 13, alfonbra gorria zientziarentzat

2013/06/20 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urriaren lehenengo astean maila goreneko ikertzaileak, tartean hainbat Nobel saridun, Donostian bilduko dira, herritarrei beren ikerketa-arloko azken aurrerapenak gerturatzeko.
empassion-knowledge-quantum-13em-alfonbra-gorria-z
Pedro Miguel Etxenike eta Ricardo Díez Muiño, DIPCko lehendakari eta zuzendaria. Arg. Danel Solabarrieta/Passion for Knowledge

Donostia International Physics Center-ek (DIPC), Euskampus, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Nazioarteko Bikaintasun Campusaren esparruaren baitan, Passion for Knowledge - Quantum 13 zientzia-jaialdi berezia pentsatu, bultzatu eta antolatu du. Ikuspuntu berritzaile eta sortzaile batetik, jarduera-programa zabala eskainiko du, zientziaren eta gizartearen arteko topaleku bat sortzeko. Hala, herritarrak kultura zientifikoaren parte egin nahi dituzte, bai eta ikerketak gizartean duen garrantzia frogatu ere.

Passion for Knowledge - Quantum 13 urriko lehenengo astean izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Hiriok aldi berean eskainiko dituzte bai publiko orokorrari, bai ikasleei, bai ikertzaile gazteei eta bai zientzialariei zuzendutako ekitaldiak. Victoria Eugenia Antzokia izango da publiko orokorrarentzako ekitaldi gehienen antzezlekua.

Jaialdiaren ekitaldi nagusia publiko orori zuzendutako programa izango da; hain zuzen, hitzaldiak eskainiko dira, nazioarteko izen handiko zientzialarien eta zenbait diziplinetako pertsona ospetsuen eskutik. Publiko orokorrarentzako programazioan, halaber, Naukas Quanta saioak izango dira, zientzia-komunikazioko online plataforma ezagunarekin elkarlanean. Halaber, Antzezlan bat antzeztuko da lehen aldiz: “La entrevista” (“Elkarrizketa”). Gaurkotasun-gaiak jorratuko ditu antzezlanak, hala nola zientzia-ikerketaren garrantzia eta erantzukizuna, eta zientziak gizartearekin duen harremana. Bideo-emanaldiak ere ikusi ahal izango dira hiriaren zenbait lekutan.

Publiko orokorrarentzat pentsatutako jardueretatik haratago iritsiko da Passion for Knowledge - Quantum 13. Aurreko edizioen arrastoari jarraika, zientzia-jaialdiak asmoa du bigarren hezkuntzako ikasleengana punta-puntako zientzialariak hurbiltzeko, besteak beste, zenbait Nobel saridun, top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. “Zientzialariengandik zuzenean jasotako zientziarekiko pasioak ikasle gazteak goitik behera bustitzea nahi dugu, zientzia-ikerketara hurbildu ahal izango baititu horrek”, dio Pedro Miguel Etxenikek, Passion fo Knowledge – Quantum 13ko Lehendakariak.

Bestalde, Passion for Knowledge - Quantum 13 jaialdiak trebakuntza-tailerraketa tailer berezi bat eskainiko ditu lehen aldiz UPV/EHUko campusetan eta Tecnaliako egoitzetan. Unibertsitate-komunitateari zuzenduta daude tailerrok, eta, bereziki, ikertzaile gazte, doktoregai eta master-ikasleei. Ikertzaile gazteei komunikaziorako eta nork bere ikerketa-lanari balioa emateko tresnak ematea da saio horien helburua.

Zientzialari-komunitatea alde batera utzi gabe, Passion for Knowledgerenedizio honetan ere nazioarteko workshop zientifiko bat egingo dute: 30th Brandt Ritchie Workshop (BRW); materia kondentsatuaren fisika eta materialen zientzia jorratuko dituzte batez ere kongresuan.

Zientzia-jaialdiaren aurkezpenean, Pedro Miguel Etxenikek Euskal Herriko Unibertsitatearen lana nabarmendu nahi izan du, eta Iñaki Goirizelaia errektorearen esaldi bat aipatu du, hura azkar sendatzeko nahia agertzearekin batera: “Mundua oso txikia da orain, eta ase nahi ditugun beharrak asetzeko eskaintzen ditugun zerbitzuak oraintxe bost kontinenteetan sortzen ari diren antzeko dozenaka zerbitzurekin lehian daude. Horrexegatik, talentuak ezartzen du benetako desberdintasuna”.

Antolatzaileek nabarmendu dute zientzia-jaialdiak agerian utziko duela zer garrantzia ematen dien euskal gizarteak zientziari eta ikerketari. Garrantzia hori bereziki nabarmena da gaur egungo krisi ekonomikoko egoeran. “Beren etorkizunaren jabe izan nahi duten gizarteek beren talentua zaintzen dute, etorkizunerako ereiten dute eta talentua erakarri eta atxiki egiten dute”, dio Pedro Miguel Etxenikek, “Ezbairik gabe, urriko lehenengo astea Euskadin garapen zientifiko-teknologikoaren alde egindako apustuaren adibide izango da”.

DIPCko Zuzendari Ricardo Díez Muiñok gaineratu duenez, “jaialdiak zientziarentzat zabalduko du alfonbra gorria, eta datozen belaunaldien ongizatea bermatzeko funtsezko jarduera gisa sustatuko du zientzia. Ezagutzarekiko jakin-mina zientziaren, teknologiaren eta kulturaren motorra da.”

Publiko orokorrarentzat, ikasleentzat eta ikertzaile gazteentzat antolatutako ekitaldi guztiak doakoak izango dira, antzezlana izan ezik; laster izango dira salgai antzezlana ikusteko sarrerak. Passion for Knowledge - Quantum 13n parte hartzeko, jaialdiaren webgunean izena eman eta lekua gorde behar da: www.quantum13.eu

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia