Enbrioi-zelulak zer izango diren, haien indarraren arabera
2016/08/03 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Enbrioietako zelulak plazentaren edo umekiaren parte izatea zelulen uzkurtzeko gaitasunaren arabera dagoela ondorioztatu dute European Molecular Biology Laboratorie-ko ikertzaileek. Sagu-enbrioietan ikusi dute gehien uzkurtzen diren eta dantzatzeari uzten ez dioten zelulek umekia osatzen dutela. Naturen argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.
Enbrioia umetokian ezartzen denetik gutxira, haren zeluletako batzuk barrualdera mugitzen dira. Horiek dira umekia emango dutenak, eta azalean gelditzen direnetatik plazenta sortzen da. Bada, ikertzaileek ikusi dute enbrioiko zelulak azalean gelditzea edo barrura mugitzea zelulen uzkurtzeko gaitasunaren arabera dagoela. Ingurukoak baino gutxienez 1,5 aldiz gehiago uzkurtzen zirenek barrura egiten dutela neurtu dute.
Eta zelula batzuk besteak baino gehiago zergatik uzkurtzen ziren aztertzean, ikusi dute proteina-apikalen kopuruaren arabera dela. Proteina apikal gutxien duten zelulak gehiago uzkurtzen dira, eta barrurantz mugitzen dira, umekia sortzeko. Bestalde, ikertzaileek zelulak uzkurtzea eragotzi zutenean, harrituta gelditu ziren: “uzkurtzeko gaitasunean eragin genuenean, zelulak gainazalean gelditu ziren. Baina, espero zitekeen moduan plazenta-zelula bihurtu beharrean, enbrioi-zelula bihurtu ziren”, azaldu du Jean-Leon Maître ikertzaileak. “Horrek esan nahi du, inguruko indarrak sentitzea garrantzitsua dela zelulentzat, non dauden eta zer izan behar duten jakiteko”.
Duela urtebete, ikertzaile hauek ikusi zuten enbrioiaren lehenengo egunetan haren zelula guztiek dantza moduko bat egiten dutela, uzkurdura-uhinez osatutako dantza bat. Orain, ikusi dute, enbrioiak hiru edo lau egun dituenean, plazenta bihurtuko diren zelulek dantza egiteari uzten diotela.
Ikerketa sagu-enbrioiekin egin duten arren, gizakienetan antzera gertatuko dela uste dute, garapenaren lehen faseak ia berdinak baitira saguen eta gizakien enbrioietan. Gainera, ikertzaileen ustez emaitza hauek erabilgarriak izan litezke lagundutako ernalkuntzatan. Izan ere, ezarri-aurreko diagnosia egiteko zelula bat kentzen zaie enbrioiei, asaldura genetikori duen jakiteko; eta, plazenta bihurtuko diren zelulek dantza egiten ez dutela jakinda, haietako bat kendu liteke, eta, hala, umekia sortuko duen zelulatako bat erauztea saihestu.