}

Enbrioiak laborategian, aukerak eta kezkak

2017/01/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

enbrioiak-laborategian-aukerak-eta-kezkak
Saguen zelula ama enbrionarioetatik laborategian sortutako obuluak Arg. O. Hikabe et. al., Nature 538, 7625 (20 October 2016) © MacMillian Publisher Ltd.

Maiz izan dira teknologiak emandako aukeren, ikuspegi etikoaren eta arau legalen arteko tirabirak, eta horien adibide dira lagundutako ernalketaren historian izandako auziak: in vitro ernalketa, hiru pertsonaren DNA duten enbrioiak… Auzi horien gaineko erabakiak hartu izan dituzte erakunde araugileek, eta haien pean aritzen dira zientzialariak. Aukera berriak sortzen diren aldiro, ordea, galderak berritzen dira, eta horixe gertatu da orain, ikertzaileak zelula helduetatik obulu eta espermatozoideak sortzeko gai direla erakutsi dutenean.

Oraingoz, saguetan eman dute pauso hori. Japonian egin zuten ikerketa, eta saguen larruazaleko zeluletatik abiatuta, gai izan ziren obuluak sortzeko eta haiek laborategian ernaltzeko. Zehazki, 300 enbrioi sortu zituzten. Enbrioi horiek sagu emeei sartu zizkieten, eta 11 kume jaio ziren. Hau da, enbrioien %3 atera ziren aurrera. Garbi dago teknika dezente findu beharko dutela, gizakietan egitea planteatzerako. Baina batzuk dagoeneko hasiak dira aukera hori aztertzen. Hain zuzen, horri buruzko artikulu bat argitaratu berri du Science Translational Medicine aldizkariak, alde onak eta txarrak aintzat hartuta.

Brown eta Harvard Unibertsitateetako hiru ikertzaile dira egileak, eta, hain ustez, begi-bistakoa da aurrerapen hori onuragarria dela espermatozoideak edo obuluak sortzen ez dituzten pertsonentzat. Horien artean leudeke, besteak beste, kimioterapia jasotzearen ondorioz antzu geratu direnak.

Bestalde, espermatozoideak ez bezala, obuluak lortzea arazo bat da ugalkortasun-kliniketan. Hortaz, haientzat ere irtenbide ona izan daiteke.

Horrez gain, enbrioien ugaritasunak erraztu egingo luke umetokian ezartzeko enbrioi aproposenak aukeratzea eta ume osasuntsuak izatea.

Alderdi etikotik, ordea, zalantzak agertzen dituzte ikertzaileek. Esaterako, enbrioiak nahieran sortzeko arriskua aipatzen dute, baita enbrioiek balioa galtzekoa ere. Eta galdera zailak ere egin dituzte: zer gertatuko litzateke edonoren larruazaleko zelularekin espermatozoideak edo obuluak sortuko balituzte haren baimenik gabe? Zer eskubide izango luke pertsona horrek hortik abiatuta jaiotako haurraren gainean?

Egoera are gehiago bihurritu daiteke: zer gertatuko litzateke nire larruazaleko zelula batetik espermatozoide bat sortu eta harekin nire obulu bat ernalduko banu?

Aukera eta zalantza horiek zientzia-fikziokoak dira oraingoz, baina litekeena da etorkizunean egiazkoak izatea. Ordurako, zalantzak argitzea ez ezik, komenigarria litzateke gizartean adostasuna lortzea. Eztabaida mahai gainean dago.

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia