}

Enbrioien bideragarritasuna aurreikusteko metodo berria

2002/05/08 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

York-eko Unibertsitateko biologia irakasle bat, Leeds ospitaleko zenbait medikuren laguntzarekin, gizakiaren enbrioiak uteroan ongi garatzen diren aurreikusteko metodo berri bat aztertzen ari da.

Izan ere, ugalkortasun-tratamendua jasaten duten bikote anitzi, metodo- eta barne-arazoak direla medio, tratamendua pentsatu baino gehiago luzatzen zaie. Bikote horiei une zail hori eramangarriagoa izan dakien, ikertzaile britainiarren sistema berria onerako besterik ez da izango.

Orain arte
ugalkortasun-tratamenduetan gailendu den arazoetariko bat honako hau dugu: enbrioiak zailtasunak izan ohi ditu maiz uteroan era egokian kokatzeko. Henry Leese, York-eko Unibertsitateko Biologia Departamenduko irakaslea, In Vitro Fertilisation elkarteko zenbait kideren kolaborazioarekin,
ugalkortasun-arazo horri aurre egiten saiatu da. Beraien azterketa enbrioien garapena hurbiletik jarraitzean datza. Ikertzaile britainiarrek enbrioiak hazkuntzagune batean ipini eta aminoazidoekiko zein portaera duten aztertzen saiatu dira. Enbrioiak esperimentua hasi eta bi egunera aminoazidoa kontsumitu edo produzitzen duen ikusten dute eta horren arabera ugalkortasunaren emaitzak aurreikusten dituzte.

Leeds biologia irakasleak, prozesu honi buruz, zera dio: "Ezberdintasun nabari bat topatu dugu era egokian eta desegokian garatu diren enbrioi batzuen artean: ohartu gara enbrioi osasuntsuek metabolismo lasai eta geldoagoa dutela gainontzekoekin alderatuz gero". Bere ustean, metodo berri horrek ez ditu inolaz ere enbrioiak kaltetzen. Banaketa edo hautaketa egoki bat egiten saiatzen da uteroan kokatzen diren enbrioi osasuntsuen eta baliagarriak ez direnen artean.

Aurkikuntza berri honek izango du eragin onik pazientearen kostu ekonomiko eta emozionaletan. Horrez gain, sortze anizkoitzak eragozteko ere balio du metodo horrek.

Prozesu kliniko berri horrek erabateko emaitza onak emanez gero, bi edo hiru urte barru gainontzeko ospitaleetan metodo hori erabiliko den esperantza dute Leeds klinikako mediku eta ikertzaile britainiarrek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia