Enbrioietan idatzia geratu den historia
2001/09/28 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia
Dinosauro-hezur ugari aurkitu dute orain arte paleontologoek, baina oso-osorik zeuden garezur gutxi jaso da, nahiko hezur hauskorrak direlako. Oraingo honetan, ordea, titanosauro biren garezurrak aurkitu dira; eta, harrigarriena, garezurrak enbrioienak dira.
Dinosauroen garezurrak nahiko hauskorrak izaten dira, eta, hori dela eta, oso ale gutxi aurkitu dute paleontologoek. Egia esan, hauxe da titanosauro baten garezurra egoera onean aurkitzen den aurreneko aldia.
Hala ere, aurkikuntza honen berezitasuna bestelakoa da: atera dituzten bi garezurrak enbrioienak dira. Hori dela eta, dinosauroen anatomiaz gain, horien garapenaren eta eboluzioaren berri eman dezakete.
Aurkikutza Patagonian egin da, Argentinako Auca Mahuevo inguruan. Hango haitzak 79 eta 83 milioi urte bitarteko adina duten dinosauro-arrautzez josita daude. 1998an hezurdun arrautzak aurkitu zituzten Los Angelesko Historia Naturaleko Museoko ikertzaile Luis Chiappek eta horren lankide argentinarrek, eta ikerkuntza haren jarraipena izan da oraingo aurkikuntza.
Titanosauroak sauropodoen taldekoak dira. Lepo luzeko dinosaurio belarjaleak ziren, eta, seguruenik, Lurrak inoiz ezagutu dituen animaliarik handienetakoak. Izatez, aurkitutako garezurrek 4cm luze ziren, eta Goi Kretazeokoak direla adierazi dute paleontologoek.
Enbrioien garezurrak ikertzean, atal desberdinek izan duten garapena ezagutu nahi izan dute, horrek sauropodo-espezieen eboluzioa argi dezakelakoan. Garun-kaxaren orientazioa eta sudur-hobien kokapena ikertu dituzte, eta bien garapenak bata bestearekiko independenteak izan zirela jakin dute. Hala ere, ikerketak aurrera jarraitu behar duela adierazi dute, dinosauro horien eboluzioa argitzen lagun dezaketen ezaugarri gehiago azaldu baitaitezke.
Parisko CNRS agentziako Eric Buffetaut paleontologoak adierazi duen bezala, enbrioien garapenak ez du zertan historia ebolutiboaren berri eman derrigorrean, baina enbrioien ezaugarriak sauropodo primitiboen arrastoak izan daitezke. Beraz, enbrioiak ikertzea eboluzio goiztiarra berreraikitzen lagun dezakeen bide originala izan daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia