Energia nuklearra espazio-esplorazioan
2001/04/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Eguzki-sistemaren kanpoaldea aztertzea ez da lantegi erraza. Jupiterren ilargi Europa eta Saturnoren Titan oso erakargarriak diren arren, hara iristea zaila da. Alde batetik, planeta horiek urrun daude eta, bestetik, energia asko behar da hain planeta handien satelite txikien inguruan espazio-ontzi batek orbita dezan. Hori dela eta, horrelako esplorazioak asko garestitzen dira eta egitasmoak bertan behera uzten dira.
NASAk, irtenbidea aurkitzeko asmoz, proposamen eztabaidagarri bat plazaratu du: energia nuklearra darabilten koheteak. Batzuen ustez, energia nuklearraren bidezko propultsiorik gabe urruneko planetetara joatea ezinezkoa da. NASAk 1989an Jupiterrera Galileo bidaltzean erabilitako plutonio-kantitate txikiak jende askoren gaitzespena eragin zuen. Gauza bera gertatu zen 1997an Saturnora bidali zen Cassini-rekin; beraz, geroztik energia nuklearra erabiltzea baztertu zuten.
Koheteek presio altuko gasa pita batetik pasaraziz lortzen dute indar propultsatzailea; horrela, espazio-ontzia kontrako norabidean azeleratzen du. Transbordadoreen motorrek, adibidez, oxigeno likidoa eta hidrogenoa nahasiz lortzen dute presio altuko gasa. Hidrogeno likidoa presio altuko hidrogeno gasa bihurtzeko, kohete nuklear termikoak erreaktore txiki batek sortutako beroa erabil dezake. Indar propultsatzaile berdina lortzeko, kohete nuklearrak erregai gutxiago behar du.
Horregatik, NASAko ikertzaileek berriro energia nuklearra erabiltzea proposatzen dute. Beraiek diotenez, energia nuklearraren bidez bidalitako 500 kiloko espazio-ontzi bat kohete arruntekin baino lau urte lehenago iritsiko litzateke Plutonera, hau da, sei urte eta erdi "besterik" ez luke beharko. Dagoeneko hainbat ikertzaile-talde energia nuklearra darabilten koheteak probatzen ari dira eta NASAk urte gutxi barru Plutonera espazio-ontzi bat bidaltzeko asmoa du. Energia nuklearra erabiltzeari buruzko eztabaida ere martxan da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia