}

Engranajeak erabiltzen ditu intsektu batek jauzi egiteko

2013/09/17 Leturia Yurrita, Iñaki - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

engranajeak-erabiltzen-ditu-intsektu-batek-jauzi-e
Issusco leoptratus intsektuaren hanketako engranajea Arg. Malcolm Burrows

Jauzi egiterakoan kontrolik ez galtzeko engranajeak erabiltzen ditu hemipteroen familiako intsektu jauzilari batek. Issus coleoptratus espezieak ia metroko jauziak egiten ditu eta bi milisegundotan aireratzen da. Hegaldi horretan zuzen joateko, ezinbestekoa du atzeko hankek batera indar egitea, eta, horretarako, ingeniaritzan aspalditik ezaguna den irtenbidea baliatzen du. Gorputz-adarren sinkronizazioa lortzeko hanka bien artean hortz edo koska batzuk dituzte, ordularien piezek dauzkatenak bezalakoak. Mekanismo hori orain arte, ustez, gizakien asmakizuna baino ez zen.

Engranajeak ale gazteek erabiltzen dituzte bakarrik, ninfa fasean daudenean. Exoeskeletoa gogortu ahala, hanken arteko  koskak galdu egiten dituzte, gorputza handiagoa eta gogorragoa denean errazagoa zaielako oreka mantentzea.

Cambridgeko  Unibertsitateko zoologia sailak egin du aurkikuntza eta naturan ere engranaje horzdunak erabiltzen direnaren lehen adibidea da. Baina ez da, hala ere, ingeniaritzak edo mekanikak erabiltzen dituen oinarrizko irtenbideak animalia edo landareetan agertzen diren lehen aldia. 2011n, Alemaniako ikertzaile batzuek torlojuen hariaren pareko sistema topatu zuten kakalardo espezie baten hankak gorputzari nola lotzen diren aztertzen ari zirenean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia