Enrike Zuazua, matematikaren uhinean
1996/06/01 Arrojeria, Eustakio - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela 34 urte Eibarren jaio zen. Unibertsitatera joateko unera arte, bertantxe egin zituen ikasketak. Geroago, 1979an Leioako kanpusera joan zen eta bertan, matematika hurbiletik ezagutzeko aukera izan zuen. Analisi numerikoa hautatu zuen orduan eta geroztik, aukera horri eutsi izan dio Matematika Aplikatua landuz eta bereziki, Deribatu Partzialetako ekuazioak aztertuz. Eusko Jaurlaritzak emandako beka bati esker, Parisen doktoradutza-ikastaroa egin zuen.
Garai horri buruz hitz egin zigunean, Maria Jesus Esteban basauriarrak, gaur egun Paris-Dauphin Unibertsitatean eta Frantziako CNRS-an katedradunak, emandako laguntza azpimarratzeko eskatu zigun, baita Leioako Matematika Sailan jasotako aholkuak eta laguntza ere. Eta guk, horrelaxe egin. Izan ere, 1984.a erabakiorra izan zen eta orduan egindako aukerak ondorengo ibilbidearen lehen pausutzat ditu Enrikek.
Horri esker, tesia egin eta Parisen lau urtez aritu zen lanean. Ondoren eman zituen urratsak jarraitzeko ziztu bizian joan behar da leku batetik bestera: Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Kanpusera, Madrilgo Unibertsitate Autonomora eta 90. urteaz geroztik, Madrilgo Conplutensean katedradun izatera heldu zelarik. Bai irakurle, ez duzu gaizki irakurri. Enrike Zuazuak 34 urte besterik ez ditu.
Zetiaz-Elhuyar: Matematikarien artean “ohorezko” zerrendak daudela esan ohi da. Zaila al da estatus horretako jendearekin harremanetan jartzea?
Enrike Zuazua: Matematikan, bizitzaren beste zenbait arlotan bezalaxe, zure burua ezagutzera eman behar duzu informazioa dagoen lekuetara iritsi nahi baduzu. Etengabe egiten ari denaren berri izan behar duzula esan nahi du horrek eta hori lortzeko, ezin zara zure bulegoan sartuta geratu. Zure burua jantzi egin behar duzu, informazioa trukatzeko bideak ezagutu eta bitarteko horiek erabiltzen ikasi behar duzu. Entropiak zure buruan eta gertuen duzun komunitatean ixtera eramaten zaitu eta arrisku horren kontra borroka kontzienteki egin behar da. Matematikari buruz ari gara noski, baina hausnarketa honek bizitzaren edota zientziaren arlo guztietarako balio duela uste dut.
Z.-E.: Aldiz, matematikariei buruz jendeak duen irudia ez da hori izaten...
E. Zuazua: Jakina! Jende askorentzat matematikariak bakarka bere gelatxoetan sartuta lan egiten duten teorikoak dira, baina errealitatea guztiz bestelakoa da. Batetik, matematikaria ez da eguneroko bizitzatik eta premia errealetatik at bizi den “zientzilari eroa”. Esate baterako, gure sailera iristen diren lan gehienek jatorri praktikoa dute: fisikariek edo injineruek ekartzen dizkiguten arazo praktikoak aztertzen ditugu matematikoki. Eta bestalde, taldearen beharra dugu guk ere, gainerako ikertzaileek bezalaxe; gaur egun matematikan zerbait sakona egin nahi bada, talde-lana funtsezkoa da, horrek etengabe zure ideiak besteen aurrean azaltzera behartzen zaituelako. Eguneratze horretan norberaren teoriak eta lanak aberastu egiten dira eta informazioa trukatzeko sare sendoa osatzeko urratsak ematen dituzu. Horrela ez bada, nola ulertu matematikariaren lana?
Z.-E.: Matematikaria eta ikertzaile hitzak erabiltzen dituzu etengabe. Matematikaria eta irakaslea binomia ez al duzu aintzat hartzen?
E. Zuazua: Bai horixe! Matematikaria, edo zientzilaria hobeto ulertzeko, ikertzailea eta irakaslea da, bi iharduerak batera eraman behar izaten dituen neurrian. Eta niri egokia ezezik, funtsezkoa iruditzen zait hori, norberaren formazioaren bi alderdi nagusiak batera eraman ahal izatea luxu itzela baita! Askotan eztabaidatu izan dugu horren inguruan, baina nire ustez jadanik ez dago banaketa hori egiterik. EEBBetan esate baterako, ikerketa eta irakaskuntza elkarren osagarri direla aspalditik dakite eta horretan oinarritzen da bertako hezkuntza- eta ikerketa-eredua. Gure artean oraindik entzun ohi da zerbait horri buruz, baina hika-mika horiek gainditzen ari direla uste dut. Nire esperientzia pertsonalari buruz galdetuz gero, zera esango dizuet: zure ideiak eta teoriak lantzeko bideak irakaskuntzari esker jorratzen dituzu eta gero, ikasleen aurrean biluztu duzun teoria hori praktikara eraman dezakezu ikerketaren bitartez. Nire ustez, ikertzaileek gero eta gehiago ari dira irakaskuntzara mugatzen eta duela gutxi arte nolabaiteko zigorra dela uste bazen ere, ez dut opari esango, baina atseginez onartzen dela esango nuke.
Z.-E.: Mundu-mailan matematika arlo dinamikoa dela esango al zenuke. Bestela esanda, elkarren berri ba al duzue matematikariek?
E. Zuazua: Etengabe izaten dugu elkarren berri. Duela gutxi arte, nazioarte-mailan antolatzen diren kongresuak izaten ziren bilgune nagusiak; neurri handi batean, oraindik biltzen gara topaleku horietan, baina baliabide berriak ditugunez gero, horren beharra ez da hain handia. Posta elektronikoaren bidez edota Internet-en zerbitzuak erabiliz edonon egon zaitezke eta edonorekin mintzatu zure bulegoko ordenadoretik batere urrundu gabe. Jendeak uste duenaren kontra, matematikari buruzko anitz kongresu antolatzen da munduan. Jakina, horietan ez da matematika bere osotasunean aztertzen eta oso gai konkretuak –konkretuegiak zenbait kasutan– jorratzen dira.
Gezurra dirudien arren, gure arloan antolatzen diren kongresuen artean aukera egin behar izaten da bizitza erdia hegazkinean eman nahi ez baduzu. Informazioa trukatzeko aukera ezinhobea eskaintzen dizu kongresu horietan parte hartzeak; ikerketaren puntan jartzen zaitu. Izan ere, ikertzaile guztiek dituzten kezkak foro horietan transmititzen dira eta horiei esker jasotzen da informazioa. Nolanahi ere, behar hori asko jaitsi da azken urteotan. Arestian esan bezala, matematikariok egiten dugun lana bideratzeko posta elektronikoak informazioa trukatzeko bide berriak zabaldu dizkigu. Lehen, hilabete bateko prozesua zen, beste matematikari batekin harremanetan jarri, zure kezkak azaldu eta bere erantzuna jasotzea, baina gaur egun ia-ia denbora errealean ematen dira: ez duzu gutun baten zain egon beharrik, ia-ia galdera egin orduko jaso dezakezu erantzuna.
Informazioa trukatzeko baliabide berri horiek berdintasuna ere sustatu dute. Indiako matematikari batekin harremanetan jartzea erraztu egin du: Indiako profesionalak ez du jadanik EEBBetara joan beharrik bere lana ezagutzera emateko. Alderdi hori ez da oraindik behar bezala aztertu, baina garapen bidean dauden herrialdeetan baliabide informatiko berriek sor dezaketen iraultza zientifikoa oso gai interesgarria da. Hurrengo batean nahi baduzue, horretaz ihardun dezakegu, baina orain nire doktoradutzako ikastarora joan beharra daukat....
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia