}

Entzeladon fosforoa aurkitu izanak ilargi hartan bizia izateko aukerak handitu ditu

2023/06/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

entzeladon-fosforoa-aurkitu-izanak-ilargia-hartan
Entzeladok gainazal gaztea eta konplexua zuela erakutsi zuen Cassinik, eta hego-poloan gainazaleko arrakaletatik ur-lurruna eta izotza jaurtitzen zuela (koadroko irudian). Arg. NASA/JPL/Space Science Institute; NASA/JPL-Caltech/SSI/PSI

Cassini zundak Entzelado Saturnoren ilargian jaso zituen datuak berriro aztertuta, baieztatu dute fosfatoa dagoela. Aurrez egindako beste ikerketa batzuetan, fosfatoa egon zitekeelako zantzuak aurkitu zituzten, baina ez zuten frogarik lortu. Orain, lehen aldiz, aurkitu dituzte horren ebidentziak. Horrek ilargia hartan bizia izateko aukerak handitu ditu.

Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, haren arabera, ezagutzen dugun bizitza-motarako, sei dira elementu gakoak: karbonoa, hidrogenoa, nitrogenoa, sufrea, oxigenoa eta fosforoa. Lehen bostak aurkitzea ez da arraroa, baina fosforoa oso urria da espazioan. Orain, lehen aldiz, aurkitu dute eguzki-sistemaren gasezko planeten izotzezko ilargietako batean: Saturnoren Entzeladon. 

Lehendik ere, ilargi horietako batzuk bizia hartzeko hautagaitzat hartu izan dira, horretarako ezaugarri egokiak dituztelakoan. Adibidez, Entzeladon, konposatu organikoak detektatu izan dituzte, baita jarduera bolkanikoaren zantzuak (energia-iturria) eta ur likidoarena, azaleko izotz-geruzaren azpian. Orain, fosforoa hauteman dute, izotz-geruzaren arrakaletatik ateratzen diren izotz-pinporten eta gas-zorrotadetan. Are gehiago: izotz-pinportetan, sodio fosfatoak ere aurkitu dituzte.

Lurran, fosfatoak ezinbestekoak dira bizitzarako: RNAn eta DNAn daude, energia garraiatzeko molekuletan, mintz zelularretan, hortz eta hezurretan…Horrenbestez, aurreko baldintzez gain (energia-iturria, izozpeko ozeanoa, konposatu organikoak…), fosfatoa aurkitu izanak indarra eman dio Entzeladoren hautagaitzari..

 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia