Entzimak, biziaren aitzindari?
1990/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kimikari iparramerikar batzuk Lurreko atmosfera primitiboko gas-banaketa zuen ontzi batean deskarga elektrikoak eragin eta proteinen antzeko molekula txikiak sintetizatu dituzte. Esaten dutenez, molekulok entzima biologikoen moduan jokatzen dute.
Aurkikuntza interesgarri eta garrantzitsua da. Izan ere, bizia agertu aurretik, entzima moduko molekulak bazeudela iradokitzen du. Beraz, zelula biziek lehenagotik existitzen ziren prozesu kimikoak findu besterik ez zituzten egin.
Maryland-eko Unibertsitateko Cyril Ponnamperuma kimikariak egin zuen aldarrikapen hori American Chemical Society delakoaren bileran.
Lurrean duela 4 mila milioi urte zeuden baldintzak simulatuz, metano, nitrogeno eta uraz osatutako nahastean deskarga elektrikoak eragin dituzte Ponnamperuma eta bere lankideek. Antzeko hamaika saio egin da azken 40 urteotan eta famatuena Urey-k, 1950.eko hamarkadan eginikoa da.
Ponnamperuma eta bere lankideek 5-10 bitarteko aminoazidoz osatutako polimero kateak sintetizatu dituzte. Polimero hauek entzima moduan lan egin dezaketen aztertu dutenean, horietako batzuk arnasketan parten hartzen duen C zitokromoa erreduzitzeko gauza direla ikusi dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia