Entzutea ikustea baino hobe
1996/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte, bale-ikertzaileek untzi gainean ibili behar izaten zuten ugaztun horien atzetik ikerketak aurrera eramateko. Prismatikoekin bale-bila aritzea neketsua da eta gainera, ugaztuntzar horiek azaletik besterik ez dira ikusten, ur azpian zer gertatzen den ezer sumatu gabe.
New York-eko Cornell Unibertsitateko ikertzaileek ordea, baleak ikusteko ez baina bere soinuak entzuteko aparatua garatu dute. Teleskopio akustikoak gizakiaren ikusmenak baino errazago eta azkarrago aurkitzen ditu baleak. Teleskopioa urazpiko hamasei entzungailuz osatua dago eta 1,6 kilometroko luzera du. Cornell Unibertsitateko ikertzaileek aparatua Kaliforniako hegoaldean untziaren atzealdetik urazpian askatu zuten.
Sistema akustiko horri esker baleak lokalizatzeaz gain, zenbatu, espeziea identifikatu eta egindako soinuaren ezaugarrien arabera, zer egiten ari diren jakin daiteke.
Antzeko teleskopioa, Estatu Batuetako Itsas Armadak erabili du sobietar urpekuntziak aurkitzeko. Bale-Ikertzaileek aparatu garatuago hori erabili nahi dute, horri esker, balearen soinuak ehundaka kilometrotatik entzun ahal izango baitituzte.
Argazkikoa ez bezala, balea anitz ikusi ez ditugu ikusten, baina teleskopio akustikoari esker bere soinuak entzun ahal izango dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia