}

Erabat autonomoa den bihotz artifiziala ezarri diote gaixo bati

2001/07/04 Elhuyar Zientzia


Kentucky-ko Louisville Unibertsitateko medikuek erabat autonomoa den bihotz artifiziala ezarri diote hiltzear zegoen gaixo bati. Zazpi orduko ebakuntza astelehenean egin zen Louisvilleko Ospitale Judutarrean, eta gaixoaren bizitza 60 egunez luzatzea espero dute.

Bihotz mekaniko autonomoak AbioCor du izena eta Abiomed enpresak eraiki du. Titanioz eta poliuretanoz egina dago, eta arabi sagar baten tamaina eta kilo bateko pisua du. Bi bentrikulu artifizial ditu, balbulak eta odola ponpatzeko sistema hidraulikoa. Izan ere, AbioCor bihotz artifiziala gai da odola gorputz osora ponpatzeko. Gaixoak gerrian lotuta daraman bateria batek bihotzak duen bateria txikia energiaz hornitzen du, eta horrela bihotz artifiziala etengabe mantentzen da martxan. AbioCor-en abantaila nagusia autonomoa izatea da, bere kabuz funtzionatzea. Asmatzaileen ustez, AbioCor-ek gaixoen bizi-kalitatea handituko du eta higitzeko askatasun osoa emango die.

Hala ere, astelehenekoa lehen saioa izan da. Estatu Batuetako FDAk urtarrilean eman zien 5 gaixorekin AbioCor probatzeko baimena; eta, emaitzak onak badira, bi hilabete barru beste 15 gaixorekin jarraitu ahal izango dute ikerketa. Oraingoz, AbioCor-i esker, gaixo horien bizitza aste batzuk luzatzea lortuko da.

Bihotz mekaniko autonomoak bi aplikazioa izan ditzake. Behin-behineko bihotza izan daiteke benetako bihotz baten zain dauden gaixoentzat, edo behin betiko bihotza izan daiteke. AbioCor-en mekanismoa denbora asko irauteko dago diseinatua, zailena AbioCor/gaixoa binomioari iraunaraztea.

Bihotz artifizialen historian, 80ko hamarkadako Jarvick bihotzak izan dira orain arte arrakasta handien lortu dutenak. Jarvick-a ezarri zioten lehen gaixoak 112 egun iraun zuen bihotz artifizialarekin. Beste lau ebakuntza egin ziren, eta luzaroen Willian Schroeder bizi izan zen: 620 egun.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia